Politika -
'Proces' auziko epaia
Tsunami Demokratikoa ikertzen ari dira, terrorismo delitua leporatuta
Tsunami Demokratikoak domeinu berri bat ireki du bere webgunea epailearen aginduz itxi ondoren, eta bere app-a deskargatzea gomendatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoaren webguneetarako eta sare sozialetako profiletarako sarbide guztiak ixteko agindua eman du ostiral honetan, terrorismo delitua leporatuta, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez. Independentziaren aldeko mugimenduak, ‘proces’ epaiaren aurkako protestak deitzeko erabili ditu sare sozialak.
Tsunami Demokratikoak domeinu berri bat ireki du (democratictsunami.eu) bere webgunea (tsunamidemocratic.cat) epailearen aginduz itxi ondoren, eta bere app-a deskargatzea gomendatu du.
Ohar baten bidez, mugimenduak ohartarazi du lehen domeinua blokeatu dutela "Espainiako Estatutik, teleoperadore handien babesari esker".
"Tsunami bat geldi daitekeela uste al duzue?", gaineratu du mugimenduak arratsaldean kaleratu duen oharrean, eta Telegrameko kanalari jarraitzea gomendatu du.
Halaber, sare irtual pribatu bat erabiltzea gomendatu dute mugimendu horretako ordezkariek, "Espainiako zentsurei aurre egin ahal izateko".
Testuinguru horreta, "urriaren 1ean bezala, zentsura hasi" dela ziurtatu du Tsunami Demokratioak, hainbat webgune epailearen aginduz itxi ostean.
Anonymousek ohar baten bitartez jakinarazi du mugimendu horren webguneak itxi dituztela, epailearen aginduz. Dena dela, Telegram bidez independentziaren aldeko mezuak zabaltzen jarraitu dute.
14:30ak aldera, agintaritza judizialari aipamen egiten zion ondorengo mezu hau agertu da Tsunami Demokratikoaren webgunean: "URL hau blokeatuta dago, Agintaritza Judizialaren aginduz".
Auzitegi Nazionalak eman du agindua, zehazki, Errepublikaren Defentsarako Batzordeko (CDR) bederatzu kide ustezko terrorismo delituagatik atxilotzea agindu zuen magistratu berak. Horietako zazpi behin-behineko espetxealdian daude irailaren amaieratik, eta beste bi aske.
Bestalde, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko jarduneko Barne ministroak azaldu du “aurrerapenak” daudela Kataluniako hirietan azken astean izandako istiluen "egile intelektualei" buruzko ikerketetan. Ildo horretatik, Barne ministroak Tsunami Demokratikoan jarri du arreta, eta mugimendu horren atzean nor dagoen jakiteko asmoz ikerketa abiatu du.
Ez da epaile batek 'proces' auziarekin lotutako webgune bat ixten duen lehen aldia. Duela bi urte, referendum.cat ataria ixteko agindu zion Bartzelonako 13. zenbakidun Instrukzio Epaitegiak Guardia Zibilari, Carles Puigdemonten gobernuak urriaren 1eko erreferendumaren berri emateko martxan jarri zuela iritzita. Dena dela, Guardia Zibilak ez zuen bere helburua lortu.