Politika -
'Proces' auziaren epaia
19 pertsona atxilotu dituzte eta 42 zauritu dira Katalunian bart izandako protestetan
Manifestari batek hagin pare bat galdu du foamezko pilota batek ahoan jota. Beste bati jipoia eman diote makilak eta bateak zituzten 10 bat ultraeskuindarrek.
Agentziak | Erredakzioa
Esquadra Mossoek eta Espainiako Poliziak 19 pertsona atxilotu dituzte bart Katalunian 'proces' auziaren epaiaren kontrako mobilizazioetan. Horrez gain, 42 manifestari eta 5 mosso zauritu dira istiluetan.
Mossoek emandako datuen arabera, 19 pertsona atxilotu dituzte: 4, Bartzelonan; 5, Gironan; 2, Lleidan; 2, Katalunia erdialdean, eta 6, Tarragonan. Sei horietatik hiru mossoek hartu dituzte atxilo; bi, Espainiako Poliziak, eta beste bat, Tarragonako Udaltzaingoak.
Desordena publikoak eta "agintaritzaren agenteen aurkako atentatua" egitea egotzi diete denei.
Bestalde, Larrialdi Medikoen Sistemak (SEM) 42 pertsona artatu ditu bart: 36, Bartzelonan; 5, Gironan, eta 1, Tarragonan. Mossoen arabera, 5 agente ere zauritu dira.
Bartzelonan zauritutako 36 lagunetako 16ri senda-agiria eman diete artatu dituzten lekuan bertan, eta gainerako 20ak erietxera eraman behar izan dituzte. Gironan 2 lagun ospitaleratu dituzte, eta Tarragonan, bakarra.
Osasun iturrien arabera, ospitaleratutako batek bi hagin galdu ditu foamezko pilota batek ahoan jo eta gero. Beste manifestari batek hainbat zauritu jasan ditu, ultraeskuindar talde batek emandako jipoiaren ondorioz. Makilak eta bateak zituzten 10 bat lagunek bakarrik zegoen mutil bat jipoitu dute.
Hainbat lagunek grabatu dute erasoa, eta bolo-bolo dabil sare sozialetan:
Izan ere, eskuin muturreko taldeen eta manifestari independentisten arteko enfrentamenduak izan dira bart Bartzelona erdigunean, batez ere Rambla inguruan. Botilak eta bestelako objektuak jaurti dituzte.
Ultraeskuindarrek elkarretaratzea egin zuten arratsaldean Sarria auzoan, baina bart hiriaren erdigunera joan dira burua estalita, makilak eta Espainiako banderak eskuan zituztela, eta independentisten aurkako eta Espainiaren aldeko oihuak eginez.