Politika -
Mobilizazioak Katalunian
Faxisten eta independentisten arteko liskarrak izan dira protesten laugarren egunean
Arratsaldean mobilizazio jendetsua eta baketsua egin dute independentistek Bartzelona erdigunean, baina gauean ultraeskuindarrak bertaratu dira eta istiluak izan dira.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia salatzeko, protesta jendetsuak eta baketsuak izan dira egunez Katalunian, baina gauean ultraeskuindar espainiarrak manifestari independentistei oldartu zaizkie eta istiluak izan dira Bartzelonan.
Bitartean, ANC eta Omnium erakunde zibilek antolatutako 'Askatasunaren aldeko Martxak' Bartzelonara bidean doaz, herriz herri, eta ostiral honetan iritsiko dira hiriburura, greba-eguneko manifestazio nagusiarekin bat egiteko.
Errepublikaren Defentsarako Batzordeek (CDR) deituta, 13.000 lagun inguru bildu dira arratsaldean Gracia auzoan. Jai giroan egindako mobilizazioa izan da.
1936an, ekitaldi antifaxista egin zuten Bartzelonan, naziek Berlinen antolatu zituzten Olinpiar Jokoen aurka. Ekitaldi hura gogora ekarrita, "Kirol eta Desobedientzia Jaia" antolatu dute CDRek.
Pilotak eta jolasak eraman dituzte, eta kontzertu inprobisatuak izan dira, manifestari batzuek gitarrak jota.
Mobilizazioa 19:00etan hasi eta 21:00etan amaitu dute. CDRek mezu bat zabaldu dute Twitter sare sozialaren bidez protesta amaitutzat eman dutela iragarri eta herritarrei ostiral honetako greba orokorrean goizean goizetik parte hartzea eskatzeko.
Faxisten eta independentisten arteko liskarrak
Alabaina, gauean eskuin muturreko taldeen eta manifestari independentisten arteko enfrentamenduak izan dira Bartzelona erdigunean, batez ere Rambla inguruan. Botilak eta bestelako objektuak jaurti dituzte.
Ultraeskuindarrek bilkura egin dute arratsaldean Sarria auzoan. Antifaxistek beste elkarretaratze bat egin dute haien parean. Tentsio uneak izan dira, baina, Esquadra Mossoek hartutako neurrien ondorioz, ez da ez borrokarik ez liskarrik izan.
Halere, gauean, faxistak hiriaren erdigunerako bidea hartu dute, burua estalita, makilak eta Espainiak banderak eskuan zituztela, eta independentisten aurkako eta Espainiaren aldeko oihuak eginez.
Dozenaka ultraeskuindarrek kalean bakarrik topatu duten gazte bat jipoitu dute. Ezustean harrapatuta, makilekin jo dute, eta lurrean botata zegoela, ukabilkadak eta ostikadak eman dizkiote.
Erasoaren irudiak laster zabaldu dira sare sozialen bidez.
Bestalde, manifestari antifaxistek suzko barrikadak jarri dituzte hiriaren erdiguneko hainbat kaletan, kontainerrei su emanda.
Mossoak manifestari independentisten aurka oldartu dira, eta burua estalita zuten hainbat lagunek botilak, suziriak eta molotov koktelak jaurti dituzte polizien kontra.