Politika -
Katalunia
Liskarrak eta indarkeria berehala amaitzeko deia egin du Torrak
Kataluniako Gobernuko presidenteak premiazko agerraldia egin du gauerdian. "Ez dago arrazoirik, ezta justifikaziorik ere, ekintza bandalikoak egiteko", azpimarratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Quim Torra Generalitateko presidenteak premiazko agerraldia egin du gauerdian, Bartzelonan bigarren egunez jarraian izan diren istilu larrien harira.
Liskarrak berehala amaitzeko eta indarkeriarik ez erabiltzeko deia egin du, eta ekintza horien atzean "infiltratuak" daudela ohartarazi du.
Lasaitasunerako deia eginda, ondokoa adierazi du: "Hau berehala gelditu behar da. Ez dago arrazoirik, ezta justifikaziorik ere, ekintza bandalikoak egiteko".
TV3 telebista publikoan egindako agerraldian Torrak azpimarratu duenez, Kataluniako mugimendu independentista beti izan da baketsua eta beti gaitzetsi du indarkeria. Hortaz, indarkeriazko ekintzak amaitzea eskatu du.
Liskarren atzean "infiltratutako talde probokatzaileak" daudela esan du, eta haien jokoan ez sartzeko eskatu du, "gutxi batzuk direlako eta mugimendu independentistaren irudi onari kalte egiten dietelako".
Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten aurka emandako epaiaren ostean protestak egotea "normala eta ona" dela nabarmendu du. Alabaina, modu baketsuan mobilizatzea ezinbestekotzat jo du.
"Urriaren 1ean Estatua ezer suntsitu gabe garaitu genuen. Independentismoak eraiki egiten du, eta ez suntsitu; independentismoa ez doa inoren aurka", adierazi du.
Ildo horretan, "lasaitasunez, irmotasunez, gizalegez eta indarkeriarik gabe" jokatzeko deia egin dio Kataluniako gizarteari.
Torrak premiazko agerraldia egin aurretik, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko Gobernuko presidenteak azken egunotan Katalunian izan diren istiluak gaitzesteko eskatu dio Generalitateko presidenteari.