Politika -

Katalunia

Praten zauritutako pertsonetako batek begia galdu du pilotakada baten ondorioz

Gaur ere mobilizazioak izan dira Kataluniako hiri nagusietan. Halaber, manifestariek errepideak itxi dituzte eta tren zerbitzua eten dute tarte batez.

Espainiako Poliziaren karga bat Prateko aireportuan. Argazkia: EFE
Espainiako Poliziaren karga bat Prateko aireportuan
Espainiako Poliziaren karga bat Prateko aireportuan. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Proces' auziko epaia kaleratu eta biharamunean Prateko Aireportuan izandako protesten ondorenak izan dira protagonista. Izan ere, gaur jakin denez, atzo zauritutako gazte batek begia galdu du pilotakada baten ondorioz. Beste bati ebakuntza egin behar izan diote genitaletako traumatismo bat tarteko, eta barrabil bat galdu du, osasun iturriek baieztatu dutenez.

Guztira, 131 lagun zauritu ziren atzo, gehienak (115) Bartzelonako aireportuan. Horietatik 27 erietxera eraman behar izan zituzten, Kataluniako Larrialdi Medikoetarako Zerbitzuak zehaztu duenez. Mossoak eta Espainiako Polizia gogor oldartu zitzaizkien manifestariei.

Espainiako Poliziak aitortu duenez, gomazko pilotak erabili zituen —Mossoek ezin dituzte erabili Katalunian—protestei aurre egiteko. Horien esanetan, 14 pilota jaurti zituzten T1 terminaleko aparkalekuan "tentsio handieneko uneetan".

Poliziaren hitzetan, agenteek "beste aukerarik ez zegoenean" jaurti zituzten pilotak, "zentsuzko distantzia utzita eta inoiz ere hurbiletik".

Fernando Grande-Marlaska Espainiako jarduneko Barne ministroaren esanetan, indar armatuak "proportzionaltasunez" jardun ziren. Bestalde, atzo, Prateko aireportuan 10.000 lagunek elkarretaratzea egin zutela esan du ministroak.

"Esquadra Mossoak frontean izan ziren ordena publikoa babesteko. Hesiak edo su-itzalgailuak bota zizkietela ikusita, agerian dago erabilitako proportzionaltasuna, manifestazio baketsu batean ez baitira gauza horiek jaurtitzen", esan du. Horren harira, hainbat agente zauritu zituztela esan du eta irudiek "argi uzten dutela" jarduteko moduaz.

Ministroaren arabera, Esquadra Mossoek Bartzelonako Aireportuan izandako jardunbide bat ikertuko du Kataluniako Barne Sailak; polizia furgoi baten aurreko aldean igo ziren bi manifestari hainbat metroan arrastatu baitzituzten.

BIDEOA |  Esquadra Mossoen furgoneta batek bi manifestari arrastatu ditu protestetan.

Mossoen furgoneta batek bi manifestari arrastaka eraman zituen protestetan
Mossoen furgoneta batek bi manifestari arrastaka eraman zituen protestetan
Mossoen furgoneta batek bi manifestari arrastaka eraman zituen protestetan

0:31

 

Generalitateak Mossoen jokabidea babestu du

Meritxell Budo Kataluniako Gobernuaren bozeramaileak esan du Prateko aireportuan izan ziren protestekin bat datorrela, baina, aldi berean, Esquadara Mossoek han egindako oldarraldiak justifikatu ditu.

Auzitegi Gorenaren epaiaren ondotik, gizartea haserre eta amorratuta egotea ulertzen duela eta elkartasuna mobilizazio baketsuen bidez adieraztearen alde dagoela adierazi du.

Alabaina, protestak Prat bezalako azpiegitura handietan egiten direnean, Generalitateak esku hartzeko beste aukerarik ez duela esan du, "azpiegiturak normaltasunez funtzionatu dezan eta segurtasuna bermatzeko".

Horrelakoetan "kontraesanak" sortzen direla onartu du, baina Gobernuak beste aukerarik ez zuela ziurtatu du.

Horrez gain, Budok esan du Mossoen dispositiboaren helburua aireportuko bidaiariak nahiz protestan parte hartzen ari ziren manifestariak babestea zela.

Eta hori hala dela argudiatzeko, ondoko azalpena eman du: "Mossoen hesia gaindituta, manifestariak aireportuko pistan sartu izan balira, sedizioa bezalako delitu larriak leporatu ziezazkieketen".

Nolanahi ere, Budok azpimarratu du astelehenean 220 manifestazio izan zirela Katalunian, gehienak baketsuak izan zirela eta "kasu puntual batzuetan soilik" izan zirela liskarrak.

Protestek aurrera jarraitzen dute, Tsunami Demokratikoaren beste deialdi baten zain

Epaiaren aurkako manifestazioek eta protestek astearte honetan aurrera jarraitu arren, egoera lasaiagoa da. Prateko airelineek gaurkoan 45 hegaldi bertan behera utzi dituzte atzoko istiluek eragindako kalteen ondorioz. Aenaren arabera, aireportua "normaltasunez" ari da lanean, atzoko blokeoaren eragina nabaria izan arren.

Abiadura handiko trenaren zerbitzua Gironan abian da berriro, Bartzelona eta Figueres artean, baina trenbide bakarrean. Goizean hainbat istilu izan dira R11 eta RG1 lineetan Figueres eta Girona artean, baita Mataron ere.

Errepideetan, berriz, bost moztu behar izan dituzte Bartzelonan eta Gironan manifestazioen ondorioz.

Hala ere, Tsunami Demokratikoa plataformak protesta gehiago iragarriko ditu gaur: "ekintza koordinatuak eta antolatuak, helburu zehatzekin", atzoko Pratekoen antzekoak.

Fernando Grande-Marlaskaren esanetan, plataformaren arduradunen bila ari dira: "Azkenean asmatuko dugu zein dagoen Tsunami Demokratikoa plataformaren atzean".

Bitartean, ANC eta Omnium Culturalek elkarretaratzeak deitu dituzte arratsalderako (19:00etatik 21:00etara) Espainiako Gobernuak Bartzelonan, Tarragonan, Lleidan eta Gironan dituen ordezkaritzen aurrean.

Bestalde, Intersindical-CSC eta Intersindical Alternativa de Cataluña (IAC) sindikatuek ostiralerako, hilaren 18rako, greba orokorrerako deialdia berretsi dute, "Eskubideen eta askatasunen alde: Greba Orokorra" lelopean. Greba egun horretan, gainera, manifestazio handi bat deitu dute Bartzelonan, arratsaldean.

Gaurkoa, gainera, egun berezia da Katalunian, Lluis Companys Generalitateko presidentea fusilatu zuten 79 urteurrena izan baita. Horren harira, Quim Torrak presidentearen papera goraipatu du haren omenez egindako lore-eskaintzan eta autodeterminazioa erabiltzeko eskubidean "inoiz ez duela amore emango" esan du.

Marlaskaren agerraldia eskatu dute

ERCk, JxCatek eta EH Bilduk Fernando Grande-Marlaska Espainiako jarduneko Barne ministroaren agerraldia eskatu dute azalpenak eman ditzan atzo Prateko aireportuan izan zen polizia-operazioaren harira, tartean, zer material erabili zuten agenteek.

Agerraldiaren eskaera Gabriel Rufianek (ERC), Laura Borrasek (JxCat) eta Mertxe Aizpuruak (EH Bildu) sinatu dute Kongresuan, protesten biharamunean.

Gizon bat emakume bat jotzeagatik atxilotu dute

Espainiako Poliziak manifestari independentista bat atxilotu du Auzitegi Goreneko epaiaren aurkako mobilizazio batean Espainiako bandera erakusten ari zen emakume bat jotzea leporatuta.

Polizia iturrietatik jakinarazi dutenez, ustezko erasotzailea gaur goizean bertan identifikatu eta atxilotu dute, lesio arinak eta oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen aurkako delituak egotzita.

Emakumea manifestazio independentista baten barruan sartu zen Tarragonako kaleetan, Espainiako bandera erakusten eta manifestariei hau esaten: "Zoru espainiarra zapaltzen ari zarete".

Sare sozialetan aparra bezala zabaldu zen bideoan ikus daitekeenez, gazte batek Espainiako bandera kentzen dio emakumeari, eta ondoren besoarekin lurrera botatzen du.

Torraren agerraldia, ostegunean

Quim Torra Generalitatearen presidenteak ostegunean egingo du epaiaren balorazioa Parlamentuan, 10:00etan, presidenteak berak proposatuta.

Osoko bilkuran ez da bozketarik izango, eta Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen batzordeak egindako bileretan adostu dute.

Torrak denbora mugagabea izango du osoko bilkuraren aurrean hitz egiteko, taldeek hamarna minutu, eta horiei erantzuteko aukera du Torrak, taldeek berriro hitz egin baino lehenago.

Bestalde, presidente kataluniarrak iragarri du nazioarteko agintariei gutuna bidaliko diela ebazpenaren berri izan dezaten eta Kataluniaren egoera zein den jakin dezaten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Kataluniako prozesua zuzenean