Politika -

Altsasuko auziaren epaia

Gorenak zigorrak murriztu dizkie Altsasukoei, baina espetxean jarraituko dute

Kartzela-zigorrik handiena bederatzi urte eta sei hilabetekoa da; txikiena, berriz, urtebete eta erdikoa.

Altsasukoen aldeko manifestazioetako bat. Argazkia: EFE
Altsasukoen aldeko manifestazioetako bat
Gorenak zigorrak murriztu dizkie Altsasuko gazteei, baina espetxean jarraituko dute

1:40

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasu auziak badu epai irmoa, hiru urtez luzatu den prozesu judizialari amaiera emanez. Auzitegi Gorenaren Zigor arloko Aretoak gaur kaleratu du 2016ko urriaren 15ean Nafarroako herrian jazotako gertakariengatik zigortutako zortzi gazteen inguruko epaia.

Gorenak hiru aukera zituen: Auzitegi Nazionalaren zigorrak berrestea, horiek murriztea edo gazteak absolbitzea. Azkenean, bigarren aukeraren alde egin eta zigorrak murriztu dizkie guztiei. Hala ere, espetxean jarraituko dute zazpi gazteek, zigorrak bi urtetik gorakoak direlako (urtebete eta erdi eta 9 urte eta erdi artekoak).

Andres Martinez Arrieta buru izan duen epaimahaiak diskriminazio eta larderia astungarria baztertu du agintaritzaren kontrako atentatu delituan, eta horrek ekarri du murrizketa. Horrez gain, bi akusatu (Aratz Urrizola eta Iñaki Abad) ez ditu lesioengatik zigortu, proba falta argudiatuta.

Horrenbestez, Gorenaren arabera, ezin zaie diskriminazio ideologikoaren astungarria ezarri. Gertatutako egitate frogatuak "gaitzesgarriak" dira eta "gizatxarreko motibazioa" erakusten dute, biktimak guardia zibilak izateagatik gertatu baitzen erasoa. Hala ere, Gorenak ez du aringarri hori kontuan izan atentatuaren delituaren tipikotasunean onartu zelako guardia zibilak zirela.

Bestalde, agintaritzako agenteen aurkako atentatuen delituen harira nagusitasunaz abusatzearen astungarria baztertu du Gorenak, ezinezkoa baita astungarri hori delitu horretan ezartzea. Hala ere, lesioen delituan nagusitasunaz abusatzearen astungarria mantentzea erabaki du.

Espetxealdiaren harira, akusatuak ezin izango dira kartzelan egon zazpi urte eta erdi baino gehiago, hori baita ezarri zaien zigorrik handienaren (agenteen aurkako atentatu) hirukoitza.

Auzitegi Nazionalak epaia betearazteko autoa eman beharko du orain, baita akusatu bakoitzaren egoera berrikusi ere, horietako hiruk jada hiru urte daramatelako kartzelan, erasoa eman zenetik hain zuzen.

Gorenak ezarritako zigorrak

Oihan Arnanzi bederatzi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio agintaritzako agenteen aurkako atentatuen eta lesioen (bi urte eta erdiko zigorra) delituak egotzita; baita nagusitasun-abusuen astungarriarekin egindako hiru lesio-delitu (bi urte delitu bakoitzeko) eta desordena publikoen (urte bat) delitu bat egotzita ere. Auzitegi Nazionaleko Apelazio Salak 13 urteko espetxe zigorra ezarriko zion.

Jokin Unamuno Goikoetxeari eta Adur Ramirez de Aldari zortzi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri die agintaritzako agenteen aurkako atentatuen eta lesioen (bi urte eta erdiko zigorra) delituak egotzita, eta nagusitasun-abusuen astungarriarekin egindako hiru lesio-delitu (bi urte delitu bakoitzeko) ere leporatu dizkie. Auzitegi Nazionalak 12 urteko kartzela zigorra ezarri zien.

Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxeari zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri die agintaritzako agenteen aurkako atentatuen eta lesioen (bi urte eta erdiko zigorra) delituak egotzita, eta nagusitasun-abusuen astungarriarekin egindako hiru lesio-delitu (urtebete eta zortzi hilabete delitu bakoitzeko) ere leporatu dizkie. Auzitegi Nazionalak bederatzi urteko zigorra ezarri zien.

Aratz Urrizolari lau urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio agintaritzako agenteen aurkako atentatuen eta lesioen (bi urte eta sei hilabete) delituak egotzita, eta nagusitasun-abusuen astungarriarekin egindako lesio-delitu bat (urtebete eta zortzi hilabete) ere leporatu dio. Auzitegi Nazionalak bederatzi urteko zigorra eskatu zuen harentzat.

Iñaki Abadi hiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio agintaritzako agenteen aurkako atentatuen eta lesioen (bi urte eta erdi) delituak egotzita, eta desordena publikoen (urtebete) delitu bat.

Ainara Urkijori urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio desordena publikoak (urtebete) eta mehatxuak (6 hilabete) delituak leporatuta. Auzitegi Nazionalak bi urteko espetxe zigorra ezarri zion.

Auzipetuen gurasoek ez dute itxaropena galtzen
Auzipetuen gurasoek ez dute itxaropena galtzen
Auzipetuen gurasoek ez dute itxaropena galtzen

1:46
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Presoak argazkiak Epaiketak bideoak Eguneko albisteak Albisteak Altsasu albisteak Espetxe politika Gazteak albisteak