Politika -
III. KONFERENTZIAK POLITIKOA
'Prozesu subiranista azkartzeko' apustua egin du Sortuk
Arkaitz Rodriguezek lau erronka zehaztu ditu kurtso berrirako: Kataluniarekin aliantza indartzea, EH Bildu eta EH Bai indartzea, prozesu subiranista edukiz betetzea eta presoak kalera ateratzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak itxi du alderdi abertzaleak Iruñean, 500 militanterekin batera, osatu duten III. Konferentza Politikoa. Kataluniako prozesuarekin paraleloan, lehenbailehen "bigarren fronte subiranista" ireki beharra dagoela esan du, eta "prozesu subiranista azkartu".
Sortuk lau erronka zehaztu ditu kurtso berrirako: Kataluniarekin aliantza indartzea, EH Bildu eta EH Bai indartzea, prozesu subiranista edukiz betetzea eta presoak kalera ateratzea.
"Sortuk funtzio nagusi bat dauka: burujabetza prozesua azkartzea. Hala, ikasturteko lehen erronka Kataluniarekin aliantza indartzea da, Estatuaren gainezkatze demokratikoa helburu, epe luzeko pultsu demokratiko bat koordinatzea" esan du Rodriguezek.
"Ezkerreko subiranismoa eta haren etxe amankomuna diren EH Bildu eta EH Bai indartzea" da bigarren erronka zehatza. "Sortuk bere bitarteko material eta humano guztiak jarriko ditu EH Bilduren eta EH Bairen indartzearen zerbitzura" adierazi du.
Krisi sozioekonomiko garai honetan, "Munduari erreparatuta, konstatazio eta ohartarazpen gordin bat egin beharra dago: neoliberalismoak planetaren iraunkortasuna eta bizia bera arriskuan jarri duen zibilizazio krisi baten aurrean jarri gaitu" ohartarazi du, eta horren aurrean "alternatiba sozialista" behar dela berretsi du, jendearen beharrak lehenetsiko dituen sistema bat, "eta horretarako, errepublika bat eraiki" behar dela azaldu du.
"Espainiar estatuan estatu-krisiak zabal zabalik jarraitzen du, inboluzioak aurrera darrai eta litekeena da hauteskundeak eta gero, estatu-gobernu bat, erregimen-gobernu bat, eratzea eta, ondorioz, inboluzioa azkartzea" hausnartu du.
Horren aurrean, "demokrazia osoa eta justizia soziala lortzeko alternatiba bakarra 78ko erregimenarekin apurtzea" dela esan du, "autodeterminazio eskubidea egikaritzea eta euskal errepublika subiranoa" eratzea, bai hemen bai "Estatuko gainontzeko herrietan ere". "Eztabaida ez da monarkia edo errepublika, eztabaida da monarkia edo errepublikak, Espainiako Estatuko herri bakoitzeko bana".
"Subiranotasuna behar dugu Madrildik datozen inposizio eta murrizketei aurre egiteko, gure autogobernua Estatu espainiarrak moldatu dezakeen jostailu bat izan ez dadin. Nafarroan hartu daitezkeen erabakiak Nafarroan har daitezen, eta ez Madrilgo bulegoetan".
Prozesu subiranista hori atzera bueltarik gabekoa izateko, "bultzada soziala" behar duela nabarmendu du Sortuko buruzagiak, eta hori dela hirugarren erronka: "mugimendu sozialekin elkarlana bultzatuko dugu, fronte subiranista eta eraldatzailea osatzeko".
Azkenik, presoak kalera ateratzea lortu behar dela defendatu du. "Hasiak gara hormatzarra pitzatzen baina ez da nahikoa. Egunetik egunera indartsuagoa izango den mobilizazio iraunkor bat martxan jarri behar da" adierazi du Rodriguezek.