Politika -
Politika orokorreko eztabaida
Mendia: 'Sozialistek ere bermeak dituen autogobernu bat nahi dugu'
Gernikako Estatutuaren garrantzia azpimarratu du PSE-EEko buruzagiak, "ezberdinen arteko akordioa" delako. "Hori hausteko edozein saiakerak porrot egingo du", ohartarazi du.
eitb.eus
"Sozialistek ere bermeak dituen autogobernu bat nahi dugu", nabarmendu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak politika orokorreko eztabaidan, Eusko Legebiltzarrean. Hala ere, "hainbeste lan beharrezkoa izan duen akordio politikoa hausteko edozein saiakerak porrot egingo du", ohartarazi du.
Zentzu horretan, "bidea adostasuna da, eta ez alderdi politikoen arteko gatazka etengabea", azpimarratu du buruzagi sozialistak Gasteizko Ganberan. Gernikako Estatutuaren garrantzia azpimarratu du PSE-EEko idazkari nagusiak, "ezberdinen arteko akordioa" delako.
Bestalde, indarkeria hizpide izan du bozeramaile sozialistak. "Indarkeria mota ezberdinen aurrean, eutsi zietenei esker Euskadi anitz bat dugu", esan du. "Oraindik ETA eta Franco zuritzen dutenak badaude, eta gertakari horiek erlatibizatzen dituztenak ezin ditugu onartu", erantsi du.
Mendiaren ahotan, "Euskadiri gehien komeni zaiona Pedro Sanchezen Gobernu bat da". "Euskal herritarrei Espainia kezkatzen gaitu, eta proiektu barnerakoi bat indartzeko orduan euskal herritarrek ekarpena egitea nahi dugu sozialistek. Hori adierazi zuten herritarrek apirileko hauteskundeetan, inboluzioaren aurrean harresia izateko apustu argi batekin", adierazi duenez.
Sozialistaren hitzetan, "Euskadi ez da oasi bat, baina ezta apokalipsi bat ere". "Industria turistikoa sendotu dugu", aldarrikatu du. "Zerga sistema progresibo bati esker baliabide gehiago ditugu", gogorarazi du.