Politika -
Nafarroa
Auzitegi Nazionalak ez du Altsasuko Ospa Eguna debekatu, baina zaintzea agindu du
Ismael Moreno epaileak autoan azaldu duenez, aurreko ekitaldietan ez da debekua justifikatuko lukeen deliturik izan.
agentziak | erredakzioa
Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak Altsasuko (Nafarroa) Ospa Eguna ez debekatzea erabaki du, Fiskaltzaren irizpidearen aurka, baina ekitaldia zaintzeko eskatu die segurtasun indarrei.
Auzitegi Nazionalak jakitera eman duenez, epaileak autoan azaldu du aurreko ekitaldietan ez dela debekua justifikatuko lukeen deliturik izan.
Idatzi horretan bertan, epaileak ekitaldia zaintzeko agindua eman die Nafarroako Gobernuko Barne Kontseilaritzari eta Estatuko segurtasun indarrei, terrorismoa goratzen edo biktimak umiliatzen badira egileak identifikatzeko.
Epaileak dio, gainera, elkartzeko eta manifestatzeko oinarrizko eskubidea murriztea izango litzatekeela, eta horretarako, jurisprudentzia konstituzionalaren arabera, "arrazoi sendoak" behar direla.
Hala, Morenok eskumena dagokien agintarien esku utzi du azken erabakia, hau da, Nafarroako Gobernuaren Barne Kontseilaritzaren esku, eta bera izango da ekitaldiak araudia betetzen duen ala ez erabakiko duena.