Politika -
Ospa Eguna
Altsasuko Ospa Eguna debekatzeko eskatu dio Fiskaltzak Auzitegi Nazionalari
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak "2010etik ospatzen dela" gogorarazi du, eta UPNko eta PPko gobernuek ez dutela galarazi.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak epaileari Altsasuko Ospa Egunaren ospakizuna debekatzeko eskatu dio. Abuztuaren 31rako, larunbata, deituta dago. JUCIL Guardia Zibilaren Erakundeak eragozteko eskatu du, Guardia Zibilaren kontrako gorroto manifestazioa delakoan.
Iturri juridikoen arabera, Fiskaltzak guardian dagoen Auzitegi Nazionaleko 2. Instrukzio Epaimahai Zentralari helarazi dio Ospa Eguna debekatzea eskatzen duen txostena.
Guardia Zibila Euskal Herritik kanpo nahi duten gizarte taldeek bultzatzen duten ospakizun eguna da Ospa Eguna. 2010etik egiten dute, eta ez du inoiz gobernu batek debekatu. Galdetu diotenean, hori gogorarazi du Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak.
"Nahikoa da manipulazio politikoarekin", esan du Foru Gobernuko presidenteak.
"Ospa Eguna 2010etik egiten da; beraz, horietako zazpitan PP egon da Espainiako Gobernuan, eta bostetan UPN Nafoarroako Gobernuan", esan du Chivitek. "Salatzen ari naizena da manipulazio politikoa, berriz ere gai hauekin", gehitu du.
Presidentearen arabera, "Gobernuak oso argi dauka bere jarrera; Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak gure erkidegoan egin duten, egiten ari diren eta egingo duten jarduna onartzen du".
Gainera, Ospa Egunaren "espiritua eta helburuak" konpartitzen ez dituela esan du, baina gehitu du "demokraziak ezin duela ekitaldi bat debekatu talde batek edo erakunde zehatz batek uste duelako parte hartzaileek delitu bat egin lezaketela".