Politika -
Hernani eta Oñati
Preso ohiei egindako ongietorrien deitzaileak identifikatzea eskatu du Fiskaltzak
Hala ere, auzi judizialaren ibilbidea zaila da, Auzitegi Nazionalak antzeko ikerketa ugari artxibatu dituelako, gertakariak eta arduradunak zehazteko orduan zailtasunak izan direlako.
Agentziak | Erredakzioa
ETAko preso ohiei uztailaren 27an eta 28an, Hernanin eta Oñatin (Gipuzkoa), egindako ongietorri ekitaldien aurka biktimen elkarteek aurkeztutako salaketak ikertzearen alde agertu da Fiskaltza. Horrela, Auzitegi Nazionala ikertzeko eskumena duela jakinarazi dio Jose Luis Calama epaileari.
Gainera, beste txosten batean deitzaileak eta ustez terrorismoa goratu duten pertsonak identifikatzea eskatu du Fiskaltzak, Ministerio Publikoko iturriek jakitera eman dutenez.
Ikerbidea uztailaren 31n abiatu zuen Auzitegiak, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) aurkeztutako salaketen harira, nahiz eta Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak eta Covitek ongietorriak salatu, egun batzuk geroago baita Voxek ere. Litekeena da salaketa guztiak prozedura bakarrean biltzea.
Txostenean, Guardia Zibilari txosten zabalago bat egiteko agindua ematea eskatu dio Fiskaltzak epaileari; deitzaileak identifikatzeko eta goratze ekintza indibidual posibleak zehazteko, baita haien egileak ere.
Hala ere, auzi judizialaren ibilbidea zaila da, Auzitegi Nazionalak antzeko ikerketa ugari artxibatu dituelako, gertakariak eta arduradunak zehazteko orduan zailtasunak izan direlako, Fiskaltzak ohartarazi duenez.
Uztailaren 27an Jose Javier Zabaleta Elosegi Baldo-ri ongietorria egin zioten Hernanin, 29 urteko zigorra bete eta Zuerako espetxetik atera ondoren.
Egun bat geroago gauza bera gertatu zen Oñatin Xabier Ugarterekin. Ortega Lararen bahiketagatik zigortu zuten. 22 urteko kartzela-zigorra bete ondotik aske geratu zen.
"Omenaldiak egiteko toki publikoak lagatzeko orduan, Hernaniko eta Oñatiko udalen erantzukizuna ikertzeko" eskatu diote Covitek eta Voxek Auzitegi Nazionalari salaketetan.