Politika -
Uztailean egindako inkesta
PSOEk % 41,3ko boto zuzena izango luke, eta PPk %13,7koa
Gainera, Ciudadanosek hiru puntu galduko lituzke eta Unidas Podemosek aurrea hartuko lioke, hirugarren indar gisa.
Agentziak | Erredakzioa
CISen azken inkestaren arabera, PSOEren boto-asmoak gora egiten jarraitzen du; izan ere, bozen % 41,3 eskuratuko lituzke. PPk, berriz, bigarren postua berreskuratuko luke, Ciudadanosen beherakada areagotu eta laugarren postura jaitsi baita.
Emaitza horiek utzi dituzte Ikerketa Soziologikoen Zentroak uztailaren 1etik 11ra bitartean bildutako iritziek, gaur ezagutzera eman dutenez.
PSOEk botoen % 39,5 beharrean % 41,3 lortuko lituzke azken inkestaren arabera. PPk, berriz, portzentaje berdina lortuko luke, % 13,7ko boto-asmo zuzena, eta bigarren postua bereganatuko luke, Ciudadanosen beherakadak eraginda, hilabete batean % 15,8tik 12,3ra igaro baita. Unidas Podemosek zertxobait hazi egiten da % 13,1era arte, eta Ciudadanosen aurretik kokatzen da.
Vox bosgarren indar politiko gisa mantentzen da CISen, baina hamarren batzuk behera egin ditu, % 5,1etik 4,6ra, hain zuzen ere. Ondoren, ERCk ia puntu bat egin du gora (% 3,9tik 4,5era).
Zazpigarren lekuan JxCat agertzen da, boto asmoan % 1,2tik % 1,6ra igotzen delarik. EAJk, ostera, hamarren bat behera egin du (% 1,4).
Presidentea aukeratzeko gehiengo osoaren baldintza ezabatzeko, Konstituzioa erreformatzeko aukeraz berriro galdetu die inkestak herritarrei, nahiz eta inbestiduraren aurreneko bozketan soilik beharrezkoa izan.
Inkestatuen % 49,9 Konstituzioa erreformatzearen alde agertu dira. % 27,1ek, aldiz, ez du beharrezkoa ikusten, eta % 23k ez daki edo ez du erantzuten.
Egoera politikoa, arazo nagusien artean
Aurreko hilean bezalaxe, egoera politikoa kezka iturri da herritarren artean. 1985etik portzentaje handiena izan du.
Horrela, inkestatuen % 38,1ek politikariak, alderdiak eta politika herrialdeko hiru arazo nagusien artean kokatu dituzte, iragan hilabetean baino sei puntu gehiago.
Egoera politikoa txarra edo oso txarra dela esan dute inkestatuen % 64,2k, ekainean baino hamar puntu gehiago, eta % 4,4k bakarrik uste dute egoera politikoa ona ala oso ona dela; ekainean % 10 ziren.
Hala ere, politika bigarren kezka iturria da herritarrentzat, langabeziaren atzetik. Langabezia arazo nagusi bezala agertzen da berriro; izan ere, inkestatuen % 61,8k aipatu dute.