Politika -

Presoak

Jose Jabier Zabaleta 'Baldo' aske gelditu da, 29 urte preso egon ondoren

Zuerako kartzelatik (Zaragoza) goizean atera da hernaniarra, 29 urte espetxean igaro ostean. Covitek Hernanin egindako “omenaldia" salatu du.

Jose Jabier Zabaleta 'Baldo' aske gelditu da. Argazkia: EiTB
Jose Jabier Zabaleta 'Baldo' aske gelditu da. Argazkia: EiTB
Jose Jabier Zabaleta 'Baldo' aske gelditu da. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Jabier Zabaleta 'Baldo' preso hernaniarra aske utzi dute larunbat honetan, 29 urte espetxean igaro ostean, Etxerat presoen senideen elkarteak jakitera eman duenez.

Zuerako kartzelatik (Zaragoza) goizean atera da hernaniarra, 29 urtez preso egon ondoren.

1990ean atxilotu zuten, Lapurdin, ETArekin lotuta. Frantzian zortzi urteko zigorra bete zuen, gaizkileekin elkartzea leporatuta. Ondoren, Espainiara estraditatu zuten, zain zituen hainbat auziengatik.

Hala, Espainiako Auzitegi Nazionalak 12 urteko espetxe zigorra ezarri zion 1999an, lehergailuak izatea leporatuta. Urtebete geroago, 24 urteko zigorra ezarri zioten, ETAren komando bati armak eta lehergailuak erraztea egotzita, eta beste 57 urte hiru guardia zibilen aurka tiro egitea leporatuta.

2001eko abenduan, 200 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, 1980an Zarauzko taberna batean egindako atentatu batekin zerikusia izan zuelakoan. Bertan, lau guardia zibil eta tokian zegoen udalerriko bizilagun bat hil ziren.

Hernanin egindako “omenaldia” salatu du Covitek

Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak Hernanin Jose Jabier Zabaletari egindako “omenaldi jendetsua” salatu du larunbat honetan.

Dozenaka lagunek harrera ekitaldi bat egin diote hernaniarrari udalerriko kaleetan. Herritarrek ikurrinak eraman dituzte aldean, presoak hurbiltzea eskatzen zituzten banderak, eta suziri batzuk jaurti dituzte.

Twitter bidez zabaldutako mezu batean, Ordoñezek presoari egindako "omenaldi jendetsua" kritikatu du. EAEko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboko presidenteak salatu duenez, "ezohikoa dena, Euskadin arrunta bihurtu da". "Hiltzaileei egindako ongi etorriak, eta haien helburuak zein bitartekoak goratzea" jarri ditu adibide gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gaurko albisteak Gipuzkoa Hernani bideoak Presoak argazkiak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Eguneko albisteak Albisteak Espetxe politika