Politika -
Saioa
Altsasuko gazteen helegitea irailaren 18an aztertuko du Auzitegi Gorenak
Antonio del Moral Garciak, Andres Palomo del Arcok, Vicente Magro Servetek, Susana Polo Garciak eta Andres Martinez Arrietak osatuko dute aretoa. Azkena epaimahaiko presidentea izango da.
eitb.eus
"Gure abokatuek Auzitegi Gorenaren jakinarazpena jaso, eta helegitea aztertzeko saioa irailaren 18rako deitu dute", jakitera eman du Altsasuko Gurasoak elkarteak Twitter sare sozialean.
Antonio del Moral Garciak, Andres Palomo del Arcok, Vicente Magro Servetek, Susana Polo Garciak eta Andres Martinez Arrietak osatuko dute aretoa. Azkena epaimahaiko presidentea izango da.
Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazteen kontra ezarritako zigorra berresteko eskatu zion Fiskaltzak Auzitegi Gorenari. Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioak bi eta 13 urte bitarteko zigorra ezarri zien auzipetuei, 2015eko urriaren 15ean bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarrengatik, terrorismoa egotzi ez arren. Agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak egotzi zizkieten.
Ebazpen horren kontra, zortzi kasazio-errekurtso aurkeztu zituzten zigortutako gazteen defentsek, eta Ministerio Publikoak errekurtso guztiak inpugnatu zituen, orain arteko ebazpenetan terrorismo delitua jasotzen ez dela ikusita, Gorenean helegiteak jartzea ez dela "egokia" argudiatuz.
Uztailaren 13an elkarretaratzea egin zuten Iruñean guardia zibilekin izandako liskar batengatik preso dauden gazteen askatasuna eskatzeko.
Altsasuko Gurasoek kritikatu zuten "injustizia egoeran" bizi direla, eta azpimarratu zuten ezin dela "onarpenean erori, besterik gabe, gazte hauen, senideen eta horien herriaren aurkako zigorraren aurrean".
"Bidegabekeria erraldoi hau gogorarazi eta salatu beharra dago", azaldu zuten agirian, "Koska tabernako gertakaria helburu politikoetarako erabiltzeko muntaia" izan zela gaineratu aurretik.