Politika -

PRIMARIOAK EA-N

EAko sektore kritikoak ez du baztertzen auzitara jotzea afiliatuen errolda lortzeko

Afiliatuen datu basea askotan eskatu omen diote Joseba Geruzaga jarduneko idazkari nagusiari, baina ukatu egin omen die behin eta berriro. Ez dute baztertzen auzitegietara jotzea.

Aranoa, Lopez de Aberasturi eta Goenaga, gaur, Donostian. Argazkia: EiTB.
Aranoa, Lopez de Aberasturi eta Goenaga.
Iratxe Lopez de Aberasturi: 'Uste dugu zerbait ezkutatzen ari direla'

0:35

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Alkartasunako (EA) zuzendaritzak alderdi horretako afiliazio datuak “ezkutatu” egiten dizkiela salatu dute astearte honetan EAko Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileek, eta hauteskunde-erroldarako sarbidea ukatzen jarraitzen badiete epaitegietara joko dutela ohartarazi dute.

Hiru probintzia horietan EAko arduradun nagusi diren Iratxe Lopez de Aberasturi (Araba), Mikel Goenaga (Gipuzkoa) eta Miren Aranoa (Nafarroa) Eusko Alkartasunako zuzendaritzarekin kritiko agertu den sektorearen bozeramaileak dira. Pello Urizarrek dimisioa eman ostean idazkari nagusi berria aukeratzeko prozesuan zuzendaritzaren "praktika irregularrak, antidemokratikoak eta ilunak" salatu dituzte goizean, alderdiaren Donostiako egoitzan egindako agerraldian.

Azken kongresutik EAk bizi duen "barne krisia" lotu dute kritikoek dimisio horrekin; izan ere, dimisioa eman baino lau egun lehenago Urizarri idatzi bat bidali ziotela esan dute hiru koordinatzaileek. Hala, astebete baino lehen afiliatuen errolda jaso ez badute, haren aurkako demanda bat aurkeztuko dutela jakinarazi zioten testu horretan.

Lopez de Aberasturik salatu duenez, “zuzendaritza afiliatuen datu-basea ezkutatzen ari da behin eta berriro, eta jarrera horrek datu-baseak zer misterio, sekretu edo irregulartasun ezkutatzen dituen pentsatzera garamatza”.

Ordaintzetik salbuetsita dauden afiliatuak

Besteak beste, EAko kuotak ordaintzetik salbuetsita dauden afiliatuen egoera zein den egiaztatu nahi dute hiru kritikoek errolda horretan (estatuetan jasotakoaren arabera, kuotak ordaintzetik salbuetsita daude errenta jakin batera iristen ez diren afiliatuak). Izan ere, hauteskunde primarioetan botoa emateko eskubidea izango ez duten militanteak (kuotak ordaintzen ez dituztenak) kanpo uztea eskatzen dute, botoa ematera deitzen badituzte alderdiko prozesuak baldintzatu ditzaketelako, tartean idazkari nagusiaren hautaketa.

Eskatutako datuak jaso ez zituztenez, EAko Berme Batzordera jo zuten kritikoek, eta, koordinatzaileek azaldu dutenez, "ebazpen irmoa" eman zuen. Zehazki, Nazio Batzordeko kide guztiek afiliazio zerrendak eskuratzeko eskubidea dutela ebatzi zuen batzorde horrek, eta "zerrenda horiekin zerikusia duten prozesu eta gorabehera guztien jarraipena egiteko" eskubidea zutela gaineratu zuen.

Geroago emandako beste ebazpen batean, hauteskunde primarioak bertan behera utzi zituen Berme Batzordeak, martxoaren 11n emandako ebazpena bete arte. Hala, Nazio Batzordeko kide guztiei datu-basean sartzeko aukera emateko eta kuotak ordaintzetik salbuetsita zeuden afiliatuen egoera berrikusteko agindua eman zuen.

Atzo bertan, beste urrats bat eman zuen krisialdi honek, izan ere, Berme Batzordeko bi kideri espediente bat irekitzea erabaki zuen EAko Nazio Batzordeak, bertako kide batek egindako eskaerari jarraiki, "erabakiak hartzeko modu irregularra" iritzita. Zuzendaritzarekin kritiko agertu diren hiru koordinatzaileek erabaki hori "esperpentikoa eta kezkagarria" dela azpimarratu dute.

ea

Zuzendaritzarekin kritiko agertu den sektorearen buruak, Donostian egindako agerraldian. Argazkia: EFE

"Une honetan argi daukagun gauza bakarra ondorengoa da: ez dugu indarrean dagoen primarioen araurik, prozesua etenda baitago. Etenaldi hori Batzar Nazionalaren erabakia baino lehen iritsi zen, eta, ondorioz, primarioak deitzeko ezartzen den bi hilabeteko epea oraindik ez da hasi ", azaldu dute EAko Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako koordinatzaileek.

Horrela, afiliazio datuak eskatzeko barne prozedurak emaitzarik lortu gabe agortu ondoren, kazetarien aurrean agerraldia egitea erabaki dute, eta epaitegietara jotzeko aukerari heldu diote.

Azken kongresua 14 botoko aldearekin galdu zuen sektore kritiko horrek EH Bildu koalizioaren barruan EA "indartu" egin behar dela uste du, alderdia desagertzea saihesteko. Dena dela, EAk Sortu, Aralar eta Alternatiba alderdiek osatutako koalizioaren "konpromisoari" eutsi behar diola azpimarratu dute.

Datu guztietarako sarbidea baztertu du Gezuragak

EAko zuzendaritzak, ordea, uste du primarioen araudiak "indarrean" jarraitzen duela, eta, horregatik, Urizar ordezkatuko duen idazkari nagusia aukeratzeko epeak aurrera jarraitzen duela ziurtatu du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Joseba Gezuraga EAko jarduneko idazkari nagusiak esan du alderdiko buruzagi berria aukeratzeko primarioen prozesuan parte hartzen duten hautagai-zerrenda guztiek hautesleen errolda eskuratzeko aukera izango dutela, baina, horren esanetan, "ezin da datu-base horrek dituen datu guztiak eskuratzeko aukera eman".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi politikoak EH Bildu EA Eguneko albisteak Albisteak