Politika -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Urkulluk AEBra bidaia ofiziala hasiko du, NBEko foro batean parte hartzeko

Lehendakariak Agenda 2030 deiturikoa aurkeztu eta garapen jasangarrian izandako aurrerapenak azalduko ditu.

Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudi batean
Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak AEBra bidaia ofiziala hasiko du gaur, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) New Yorken antolaturiko nazioarteko foro batean parte hartzeko.

Euskadin Agenda 2030 deiturikoan eta garapen jasangarriaren arloan emandako aurrerapausoak aurkeztera gonbidatu dute lehendakaria, Nazio Batuen High Level Political Forum 2019 (HLPF 2019) ekitaldira, eta Bonu Jasangarrien ekimen aitzindariaren berri emango du. Horien bidez, Eusko Jaurlaritzak guztira 1.100 milioi euro bereganatu ditu bi jaulkipenetan, Agenda 2030ari lotutako gizarte- eta ingurumen-proiektuak finantzatu ahal izateko.

Zehazki, mundu mailako erronka horretan estatuz kanpoko gobernuen zeregina defendatuko du Iñigo Urkulluk. Nazioarteko foroa uztailaren 15ean eta 16an izango da, eta bi paneletan parte hartuko du.

Lehendakariarekin batera Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkaria eta Jorge Fernandez Euskadiren Estatu Batuetako ordezkaria izango dira nazioarteko foro horretan.

Urkullu ez ezik, besteak beste, hauek ere arituko dira bertan: Nazio Batuen agentzietako ordezkariak (UN Habitat, OIT, Global Compact..); EBko goi-ordezkariak; eta Norvegiako, Suitzako eta Tunisiako gobernuetako ordezkariak.

Bestalde, New Yorkerako bidaia baliatuta, Urkullu Phil Thompson New Yorkeko alkateordearekin eta Miguel Angel Moratinos Zibilizazioen Aliantzarako goi-ordezkariarekin batzartuko da, eta New Yorkeko euskal komunitatearekin bilduko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza New York Ameriketako Estatu Batuak albisteak NBE albisteak Eguneko albisteak Albisteak