Politika -
INBESTIDURA
Iglesiasek eta Sanchezek telefonoz hitz egin dute, baina ez dituzte jarrerak hurbildu
Koalizio moreko iturriek azpimarratu dutenez, Sanchez "ez dago prest koalizio gobernu baten programa negoziatzeko, ezta gobernu erantzukizunak Unidas Podemosekin partekatzeko ere".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak eta Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruzagiak telefonoz hitz egin dute arratsaldean, baina jarrerak hurbildu gabe. Exekutiboaren osaketa baino lehen programa negoziatzea nahi du Sanchezek. "Saiatzen" jarraituko duela esan du PSOEko buruzagiak.
"Aurrena programa, eta ondoren Gobernuaren osaketa negoziatzeko Pablo Iglesiasi deitu diot. Edukiez hitz egin behar dugu eta adostasun maila jakin. Zoritxarrez, proposamena errefusatu du. Saiatzen jarraituko dugu", idatzi du Sanchezek Twitter sare sozialean.
Bestalde, koalizio moreko iturriek azpimarratu dutenez, Sanchezek "ez du jarrera aldatu" eta " ez dago prest koalizio gobernu baten programa negoziatzeko, ezta gobernu erantzukizunak Unidas Podemosekin partekatzeko ere".
Sanchezek Iglesias 16:00ak aldera deitu du, Iglesiasek presidenteari mezu bat bidali ondoren, TVEko elkarrizketan deitu behar ziola entzun ostean.
Elkarrizketan, "koalizio gobernu baten negoziazio integrala (programak eta taldeak) marra gorririk eta betorik gabe" eskatu dio Iglesiasek Sanchezi. Era berean, "behingoz, lanean hasteko erabateko borondatea" azaldu dio.
PSOEk eta Unidas Podemosek "Estatu auzi" deiturikoetan dituzten "sakoneko" ezberdintasunek balizko koalizio gobernua "gelditzea" ekarriko luke Sanchezen iritziz.
"Legegintzaldi honetan, Auzitegi Gorenak emango duen epaiaren atarian, (Kataluniako) independentistek duela bi urte moduko zerbait egiten badute, Unidas Podemosek Espainiako Gobernua babestuko al luke Konstituzioaren 155. artikuluaren balizko aplikazioan?", galdetu du Sanchezek TVEn egin dioten elkarrizketan.
Pedro Sanchezek azpimarratu duenez, Espainiak Gobernu bat behar du eta konponbide bat aurkitu behar da. Ez du alderdi independentisten erabakiaren menpe egon nahi eta horregatik abstentziora jotzeko eskatu die PPri eta Ciudadanosi. Are gehiago, abstentzio hori negoziatzeko prest legoke. PPk eta Ciudadanosek "konstituzionalismoaz eta Estatu zentzuaz hitz egiten dute, baina Gobernua osatzea eragozten dute", nabarmendu du.
Edozein kasutan, hauteskundeak errepikatzea ez omen dago bere asmoen artean.
Sanchez Albert Rivera Ciudadanoseko (Cs) buruzagiari ere zuzendu zaio eta "erratuta" dagoela aurpegiratu dio. Ez hori bakarrik, hauteskundeetan lehen indarra izan denarekin batzartzeko ahalegina ez egitea deitoratu du.
Azkenik, indar politiko guztiei dei egin die "inbestidura krisiari" konponbidea emateko.