Politika -

SANCHEZEN INBESTIDURA

Sanchezek amore ematea eta koalizio gobernu bat osatzea espero du Unidas Podemosek

Sanchezek eta Iglesiasek ados jarri gabe jarraitzen badute ere, Irene Montero (Podemos) negoziatzen jarraitzeko prest agertu da. Adriana Lastra (PSOE), ostera, Irene Montero deitzekotan gelditu da.

Irene Montero Unidas Podemoseko bozeramailea Diputatuen Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE
Irene Montero Unidas Podemoseko bozeramailea Diputatuen Kongresuan
Irene Montero Unidas Podemoseko bozeramailea Diputatuen Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irene Montero Unidas Podemosek Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen esanetan, "lehenago edo geroago koalizio gobernu bat egongo da" PSOErekin.

Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketan, gaur arratsaldetik bertatik Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearekin eta inbestidurarako hautagai denarekin negoziatzeko prest daude koalizioko kideak. Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek egindako bosgarren bilera ofiziala adostasunik gabe amaitu zen atzo, eta, beraz, gaur-gaurkoz, uztaileko inbestidura saioak kolokan jarraitzen du.

Dena dela, Irene Montero baikor mintzatu da. Haren esanetan, Sanchezek PPren eta Ciudadanosen babesik ez duela egiaztatzen duenean Unidas Podemosekin elkarrizketak berrartuko ditu.

Atzoko bilerari buruz galdetuta, Sanchezek kolore bateko gobernu bate osatzeko asmoan tematuta jarraitzen duela adierazi du Monterok. "Alderdi ororen asmoa izatea ulertzen badugu ere, hiritarrek ez dute hori bozkatu... Ez dago gehiengo absoluturik eta besteekin negoziatu behar du", ziurtatu du.

Iglesiasek Sanchezi presidenteorde izatea eskatu ote zion galdetuta, uko egin dio zuzenean erantzuteari. Atzo, ordea, gezurtatu egin zuten koalizio moreko iturriek.

"PSOEk inbestidurak porrot egitea erabaki du kooperazio gobernu bat inposatzen saiatzeko", salatu du.

Lastrak (PSOE) Monterori deituko dio, arratsaldean bertan negoziatzen hasteko

Adriana Lastra PSOEko idazkari nagusiorde eta sozialisten Kongresuko bozeramaileak berehala erantzun dio Irene Monterori, eta gaur arratsaldean bertan hitz egiten hastea proposatu dio.

"Hemendik irten eta alderdiaren egoitzara iristen naizenean deitu egingo diot, posible bada, gaur bertan programari buruz hitz egiten hasteko", esan du Lastrak Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketan.

Unidas Podemosekin negoziatzeko PSOEko zuzendaritzak aukeratutako taldeko burua ere badenaren esanetan, koalizio gobernua edo kooperazio gobernua osatu da bi aldeen arteko desadostasun nagusia. Gaineratu duenez, Podemosen baitan ospe ona duten pertsonak kooperazio gobernu batean sartzea da inbestidura eta gobernagarritasuna bermatzeko aukera bakarra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Sozialista Pablo Iglesias albisteak Eguneko albisteak Albisteak Podemos albisteak