Politika -
Nafarroa
PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak ostiral honetan egingo dute aurreakordioa
Lau alderdietako ordezkariak berriro bilduko dira ostiral goizean, autogobernuari buruzko gaiak eta funtzionamenduari buruzko arauak adosteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdietako ordezkariek ostiral honetan sinatu nahi dute gobernu-programari buruzko aurreakordioa.
Gaur lau orduz egon dira bilduta, eta azken egunetan zazpi mahai sektorialetan negoziatutako programak adostutzat eman dituzte. Akordioak ondoko arloetan itxi dituzte: hezkuntza, kultura eta kirola; berdintasuna, gizartea eta gazteria; osasuna; hizkuntza politika; enplegua, ekonomia eta fiskalitatea; onbideratzea, oroimen demokratikoa eta funtzio publikoa; tokiko administrazioa, ingurumena, jasangarritasuna eta energia berdea.
Batzarra amaitutakoan, lau alderdietako ordezkariak pozik eta baikor agertu dira, eta ziurtzat eman dute programari buruzko aurreakordioa ostiral honetan sinatuko dutela.
Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak zehaztu duenez, baina, autogobernuari buruzko mahai sektorialean itunik ez dute egin, eta legegintzaldi berrirako funtzionamendu arauak adostea falta zaie. Bi kontu horiek ostiral honetako bileran aztertuko dituzte.
Nolanahi ere, Maria Chivitek zuzenduko duen Gobernu "progresista, anitza eta feminista" osatzeko "urrats oso garrantzitsua" eman dutela azpimarratu du Alzorrizek. "Akordioa bihar itxiko dugula uste dugu", erantsi du.
Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramailea ere ildo beretik aritu da. "Guretzako aurreakordio definitiboa da, eta Nafarroan Gobernu progresista, anitza eta egonkorra osatzeko oinarriak ezartzen ditu".
"Bihar aurreakordio hori Geroa Baiko organoetara eramango dugula esatea gustatuko litzaidake", gaineratu du.
Mikel Buil Ahal Duguko ordezkariaren esanetan, egunotan "lan handia" egin dute, eta ezberdintasun politikoak "modu adeitsuan" gainditu ahal izan dituzte.
Maria de Simon Izquierda-Ezkerrako bozeramailearen esanetan ere, litekeena da legealdi berrirako programaren aurreakordioa ostiral honetan sinatzea.