Politika -

Hauteskunde osteko itunak

Salbuespenik gabeko akordio orokor bat bilatuko du PSE-EEk Euskadirako

Hauteskunde osteko itunei buruz, Idoia Mendiak argi utzi du "Euskadirako akordioak soilik" izango dituela hizpide. "EAJk Nafarroari edo Madrili buruz hitz egin nahi badu, adieraz dezala", esan du.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadirako "akordio orokor" baten aldeko apustua egin du Idoia Mendia PSE-EE alderdiko idazkari nagusiak, instituzioen egonkortasuna bermatze aldera. Horren harian, Mendiak nabarmendu du ez dela gauza bera PSE-EErekin hitzartutako egonkortasun itun bat edo PSE-EErekin adostu gabekoa, "bizikidetzari dagokionez balioa eransten diolako". Gainera, argi utzi du "Euskadirako akordioak soilik" bilatuko dituztela. "EAJk Nafarroari edo Madrili buruz hitz egin nahi badu, adieraz dezala", esan du.

Bilbon emandako prentsaurrekoan ziurtatu duenez, igandeko hauteskundeen ostean, PSE-EEren helburu nagusia da instituzioetan egonkortasuna egotea, "lasai lan egin ahal izateko". Zentzu horretan, azpimarratu du "herritarren kezkei lehentasuna ematen dieten gobernu sendoak" behar direla.

Mendiaren iritzian, aurreko legealdian EAJrekin hitzartutako akordioak "fruituak eman ditu", baina "horrek ez du ezer esan nahi, alegia, jeltzaleekin hitz egin eta mahai gainean dauden aukerak aztertu beharko ditugu".

Nolanahi ere, "negoziazioei ekitea guztion ardura da", azaldu du. Bestalde, nabarmendu du Euskadin adosten diren akordioek "bizikidetzarekin lotutako balio erantsia" izan behar dutela, hots, ez direla interesetan oinarritutako hitzarmenak izan behar.

Mendiaren ustez, "akordio bat lortuz gero, zerbait orokorra izango da". "Euskadirako itunak bilatzen ditugu", zehaztu du. "Euskaldunon etorkizuna Euskadin erabakitzea merezi dute herritarrek. Horrenbestez, EAJk Madrili edo Nafarroari buruz hitz egin nahi badu, haien erantzukizuna da horren gaineko azalpenak ematea", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Idoia Mendia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak