Politika -

Akordioa

EH Bilduk eta ERCk taldea osatuko dute Senatuan, baina ez Diputatuen Kongresuan

Hala ere, "lankidetza politikoa eta estrategikoa" izango dute Kongresuan, "helburu bateratuak lortzeko", ERCk agiri batean azaldu duenez.

Gorka Elejabarrieta EH Bilduren Gipuzkoako senataria. Argazkia: EFE/Zipi
Gorka Elejabarrieta EH Bilduren Gipuzkoako senataria.
Gorka Elejabarrieta EH Bilduren Gipuzkoako senataria. Argazkia: EFE/Zipi

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ERCk eta EH Bilduk ez dute Kongresuan talderik osatuko; bai, ordea, Senatuan. Bi indarrek akordioa itxi dute.

Kataluniako alderdiak agiri batean jakinarazi duenez, bi indarretako ordezkariek osatutako bi batzordek funtzionamendua eta helburuen lorpena gainbegiratuko dute, Senatuan baturik zein bakoitzak bere alderdik Kongresuan.

ERCk eta EH Bilduk Kongresuko Mahaiari talde parlamentarioa osatzeko eskaera egingo zutela uste zuten bi indarretako buruzagiek eta diputatuek, baina azkenean bakoitza bere aldetik joango da.

Hala ere, "lankidetza politikoa eta estrategikoa" izango dute Kongresuan, "helburu bateratuak lortzeko", ERCk agiri batean azaldu duenez.

Berezitako bi talde izateak ez die helburuei eragingo, ERCk agirian erantsi duenez. Kataluniako eta Euskal Herriko "nazioen" autodeterminazio eskubidearen defentsa, "preso politikoen" askatasuna, "errepresioaren aurkako borroka", "murrizketen aurrean" eskubide sozialen defentsa eta "pertsonak politika publikoen erdialdean jartzen" duen eredu sozial eta ekonomiko baten aldeko apustua zerrendatu ditu ERCk.

Parlamentuan ekimen bateratuak aurkezteaz gain, politika bateratua nazioartera eramateko apustua egiten dute bi indarrek.

ERCk 15 diputatu erdietsi zituen apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan, nahiz eta Oriol Junqueras Bartzelonako zerrendaburua karguan eten. EH Bilduk lau ordezkari lortu zituen.

Boto portzentajeak eta eserleku kopurua kontuan hartuta, Kataluniako alderdiak talde parlamentario propioa osatzeko arazorik ez du izango, baina euskal koalizioa Talde Mistora pasako da.

Senatuan, ERCk 13 parlamentari ditu, baina JxCati lau eman dizkio, gutxieneko hamarrera heltzeko, EH Bilduko senatariarekin batera.

Goi Ganberak talde parlamentario berrien izena emateko epea itxi zuen astelehenean. Kongresuan asteazken honetan bukatuko da, 20:00etan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Hauteskunde orokorrak Espainia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Espainiako Senatua Oriol Junqueras albisteak