Politika -
Auzitegi Gorena
Covitek ez du helegitea jarriko 'Altsasu auzia'n, arrazoi 'teknikoak' medio
Ruben Mugica abokatuak argi adierazi nahi izan du erabakia arrazoi "teknikoengatik" hartu dutela, ez auziaren aurrean duten "utzikeriagatik".
agentziak | erredakzioa
Covite Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak ez du helegiterik jarriko Altsasuko auziaren ebazpenaren aurka, baina Ruben Mugica abokatuak argi adierazi nahi izan du erabakia arrazoi "teknikoengatik" hartu dutela, ez auziaren aurrean duten "utzikeriagatik".
Mugicak Efe albiste-agentziari azaldu dionez, Covitek dagoeneko parte hartu du akusatuen helegiteak atzera botatzeko eta ebazpenak baieztatzeko izapidean.
Gorenera ez jotzeko "azalpena juridikoa" dela berretsi ostean, Mugikak azpimarratu du kolektiboak ez duela auziarekiko "inolako utzikeriarik".
Coviteren ordezkariak 2015ko lege erreforman jarri du erabakiaren jatorria, ordutik aurrera "ezin baita helegiterik jarri Auzitegi Gorenean auzitegi probintzialek eta Auzitegi Nazionaleko zigor aretoak lehen instantzian emandako ebazpenen aurka, apelazio areto batean baizik".
Horren harira, gogorarazi du Altsasuko auzia 2016an jarri zela abian, eta "lehenengo ebazpena Auzitegi Nazionaleko apelazio areto batek berrikusi" zuela eta ez zuela terrorismo deliturik ikusi.
Horregatik, Mugicak uste du "iragazki bikoitza" pasatu duela auziak eta horrek "zentzurik gabe" uzten duela Covitek terrorismo delitua aldarrikatzea, "terrorismo alorrean erakunde berezia den Auzitegi Nazionaleko bi areto desberdinek" berretsi dutelako ez dagoela halakorik.