Politika -

Bilbo

Fermin Monasterio ETAk hildako taxilariari omenaldia egin dio Eusko Jaurlaritzak

EAEko Exekutiboak biktima bati egiten dion aurreneko omenaldi indibiduala da. ETAk hildako aurreneko zibila izan zen.

Ekitaldia Fermin Monasterioren omenez. Argazkia: EFE/LUIS TEJIDO
Ekitaldia Fermin Monasterioren omenez.
Fermin Monasterio ETAren lehen biktima zibilari omenaldia egin dio Jaurlaritzak

0:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fermin Monasterio ETAk duela mende erdi hildako taxilariari omenaldia egin diote Bilbon. Ferminen familia, Rosario bere alarguna, Dori, Charo eta Marimar hiru alabak eta haren bilobak ekitaldian izan dira. Eusko Jaularitzak antolatu du omenaldia, eta Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu du. EAEko Exekutiboak biktima bati egiten dion aurreneko omenaldi indibiduala da.

Miguel Etxebarriak 1969ko apirilaren 9an hil zuen. Zazpikaleetako etxebizitza batean Poliziarekin borroka egin ondoren, zauriturik ihes egiten ari zen Etxebarria, Monasterioaren taxian igo zenean. Burgoserantz eramateko eskatu zion ETAko kideak gidariari.

Etxebarriaren zauriez jabetu, eta taxilariak bidaia jarraitzeari uko egin zion. ETAko kideak tirokatu eta hil zuen. Ondoren gorpua taxitik atera eta errepidean utzi zuen. Biktimaren autoan ihesean jarraitu zuen Etxebarriak.

Fermin Monasterio Perezek 38 urte zituen. “Gizon alaia, maitekorra, langilea, zintzoa, ametsez betea zen”, gogorarazi du gaur Dori Monasterio haren alabak.

Hilketarekin, “munduan gehien maite zuten pertsona kendu zieten”, erantsi duenez. “Haurtzarorik eta nerabezarorik gabe hazi ginen”, nabarmendu du.

Dori Monasterio: "Gizon alaia, maitekorra, langilea, zintzoa, ametsez betea zen"

Dorik, hunkituta, amari eskerrak eman dizkio hitzaldi labur batean: “Aita bere alabez eta emazteaz, nire amaz, oso harro egongo litzatekeela seguru nago; bere ametsak indarrez kendu zizkiotelako, baina gorrotorik gabe eta errespetuan bizitzeko hezi gaitu, aitak nahi izango zukeen bezala”.

“ETAk bahitu eta hildako pertsona on bat, langile bat” ondratzeko ekitaldia izan dela azpimarratu du lehendakariak. “ETAk hildako aurreneko zibila izan zen, eta biktima errugabeen zerrenda amaigabe bat jarraitu zion”, gaineratu duenez.

“Zuen aita hil eta ondorengo urteetan familia bezala bizi izan zenuten errefusa eta isiltasuna atsekabearekin gogoratzen dugu. Duela 50 urte falta izan zitzaizuen enpatia azaltzen saiatu gara une berezi honetan. Zuen atsekabeak eta babes faltak penatzen gaitu; hurbiltasuna, maitasuna eta elkartasuna agertzen saiatu gara”, adierazi du Urkulluk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Eusko Jaurlaritza ETA Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak Taxiak