Politika -
Martxoaren 16an, Bilbon
10 sindikatuk bat egin dute gaixo dauden presoen aldeko 'Ni zu bi' ekimenarekin
Larriki gaixo dauden presoak aske uzteko eskatzeko Bilboko zazpi zubietan egingo diren elkarretaratzeetara joateko deia egin dute ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, CNT, CGT, EHNE, Hiru eta Etxaldek.
Agentziak | Erredakzioa
Larriki gaixo dauden presoen alde bihar Bilbon egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin dute gaur ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, CNT, CGT, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek. Gaixo dauden presoak aske uztea aldarri hartuta, kontzentrazioak deitu ditu "Ni zu bi" herri ekimenak Bilboko zazpi zubitan; mobilizazioekin bat egin dute sindikatuok.
10 sindikatuotako ordezkariek bilkura egin dute eguerdian Espainiako Gobernuak Bilboko Moyua plazan duen ordezkaritzaren aurrean, 'Konponbide garaia da. Orain Presoak' lelopean (hileko hirugarren ostiraletan egin dute elkarretaratzea).
Hedabideei egindako adierazpenetan nabarmendu dutenez, "elkarbizitza demokratikoaren eta berradiskidetzaren aldeko ekarpen beharrezkoa da presoen auzia konpontzea".
Larriki gaixo dauden presoei dagokienez, "agintariek Estatuan indarrean dagoen legedia eta nazioarteko estandarrak kontuan hartu behar dituzte, preso eriei hirugarren gradua eman diezaieten. Hala, arrazoi humanitarioengatik eta duintasun pertsonalagatik aske geratu beharko lirateke".
Bestalde, gainerako presoak "Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako espetxeetara hurbiltzeko" deia egin diete Espainiako eta Frantziako gobernuei. "Hartara, zigorra euren familiengandik eta jaioterritik urrun betetzea saihestuko da, presoen senitartekoei ezarritako zigorra behin betiko amaituz", erantsi dute.
Elkarretaratzeak zazpi zubitan
Sindikatuok, bada, bat egin dute 'Ni zu bi' ekimenarekin eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Euren ustez, "gizarte batu baten aldarria bakean aurrera egiteko gako da".
Mobilizazioak 12:00etan hasiko dira San Anton, Mesedeetako, Areatza, Udaletxe, Zubi Zuri, Pedro Arrupe eta Deustuko zubietan.
Ondoren, manifestazio bana abiatuko da San Anton eta Deustuko zubietatik. Martxek Venezuela plazan (Udaletxe zubitik gertu) egingo dute bat, eta handik Plaza Biribilera joango dira. Azkenik, ekitaldi nagusia Arriaga plazan egingo dute.