Politika -
A-28ko hauteskundeak
ERCrekin 'koalizio politikoa' osatzea onartu du EH Bilduren Mahai Politikoak
Kongresuan eta Senatuan “autoritarismoaren aurkako eta autodeterminazio eskubidearen aldeko partida politikoa baturik jokatzeko” aukera emango diela ziurtatu du Otegik.
Agentziak | Erredakzioa
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak prentsaurrekoa eman du astelehen honetan, Donostian, koalizioaren Mahai Politikoa bildu ondotik. Apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan ERCrekin “koalizio politikoa” osatzea onartu du organoak.
Kongresuan eta Senatuan “autoritarismoaren aurkako eta autodeterminazio eskubidearen aldeko partida politikoa baturik jokatzeko” aukera emango diela ziurtatu du Otegik.
Bestalde, Marian Beitialarrangoitia diputatua arlo instituzionaleko arduradun izendatzea erabaki du EH Bilduren Mahai Politikoak. Honenbestez, Beitialarrangoitia ez da berriz hautagai izango hauteskunde orokorretan.
Kanpainaurreko agertokian “hiru bloke” ezberdin daudela uste du Arnaldo Otegik. Alde batetik, errege “borboiak, PPk, Ciudadanosek eta Voxek” osatzen dutenak “eskubideak murriztu” nahi ditu eta “zuri-beltzera eraman nahi gaitu”, azaldu duenez.
Bigarrena “EAJk eta PSE-EEk” osatzen dute. Otegiren hitzetan, errealitatea “pasatzen ikusten” ari dira “gure herriari ziurtasunik bermatu gabe”.
Otegiren arabera, hirugarren “blokeak itxaropena” ordezkatzen du, “Estatuko ezkerreko indar soberanista handien” arteko batasunari esker.
EH Bilduren eta ERCren arteko aliantza honi esker ezkerreko soberanistak “erabakigarriak” izango dira Kongresuan eta Senatuan, ziurtatu duenez. Beste erkidego batzuetako “aktore berriek” bat egitea espero du Otegik.
“Aurreko fasean” bezala, bi ganberatan EH Bilduren presentzia berdin planteatzerik ez dagoela uste du koordinatzaile nagusiak. Zentzu horretan, “sigla politiko baten atzean jarraitzeak ez du zentzurik”, azpimarratu du, “inboluzio demokratikori” aurre egiteko gai den bloke batean baizik.
Aliantza politikoko indarrek lau puntuko “gutxieneko programa” bat defendatuko duela zehaztu du Otegik: Estatuko nazioen autodeterminazio eskubidea; “preso politikoen” askatasuna; murrizketen eta neurri neoliberalen aurkako politika sozialak eta ekonomikoak” eta euskal agenda sozialaren defentsa.
Azkenik, Carles Puigdemont JxCATeko zerrendaburuaren izendapenak EAJren eta PDeCATen arteko koalizioa urruntzen ote duen galdetu diote Otegiri. “Aspaldi EH Bilduk aliantzak osatzeko zailtasunak zituela esaten zuten batzuek”, eta “orain ematen du zailtasunak beste batzuek dituztela”, adierazi du buruzagi abertzaleak.