Politika -
Transferentziak
EAEri eskumen gehiago ez transferitzeko eskatu dio Senatuak Espainiako Gobernuari
EAJk, EH Bilduk, Podemosek eta PSOEk mozioa kritikatu dute, Gernikako Estatutua ez betetzea eskatzen duelako. Proposamena PPk, UPNk, Foro Asturiasek eta Ciudadanosek babestu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchezen Gobernuari Gernikako Estatutuan bildutako eta negoziatzen ari diren eskumenak Eusko Jaurlaritzari ez transferitzeko eskatu dio Espainiako Senatuak. PPren proposamena izan da Senatuak onartutakoa. PSOE, Podemos, PDeCat, EH Bildu, Talde Nazionalista eta Coalicion Canaria taldeen kontrako botoak (90) izan ditu; alde bozkatu dute PPk, UPNk, Foro Asturiasek eta Ciudadanosek (140 boto, gehiengo osoa).
Mozioak Sanchezi "abertzaleen aldarrikapenei" kasu ez egiteko eskatzen dio. "Lurralde kohesioa defendatzen duen eta soilik abertzaleen aldarrikapenei kasu egiten ez dien Gobernua behar da", dio testuak.
Proposamena aurkeztu duen Esther del Brio PPko senatariak esan duenez, "Moncloako presidente okupak eta kamikazeak" ezin dio "ezein autonomia erkidegori 30 eskumenetik gora oparitu". Madrilgo Colon plazan manifestatu zirenetako edozeinek "berak baino Estatu zentzu handiagoa" zuela esan du.
Senatariak azpimarratu duenez, kontzesioak ez dira bidea, berdintasun arazoak sortzen dituztelako, merkatuaren batasunari kalte ekiten diotelako eta diskriminazio arazoak sortzen dituztelako. "Presidente batek ezin ditu espainiarren aukera berdintasunarekin apurtzen duten kontzesioak egin", gehitu du.
EAJ: "Popularrek gizartea nahastu nahi dute"
EAJko senatari Jose Maria Cazalisek Iñaki Oyarzabal PPko senatari arabarra ez egotea deitoratu du. Izan ere, mozio horrek hauteskundeetan eragina izango duela uste du EAJko senatariak. Gainera, talde popularraren benetako asmoa "Euskal Herria hauteskunde asmo faltsuekin erabiltzea" dela esan du.
"40 urte igaro dira Gernikako Estatua bete gabe, betetzen ez dela jakinda ez da betetzen, eta zuek gizartea nahastu nahi duzue. Espetxe politikaz hitz egiten dute, hori negoziazio mahaian ez dagoenean", esan du, espetxeetako kudeaketari erreferentzia eginez.
Gainera, proposamena "EAEri egindako 155 iraunkortzat" hartu du, eta gehitu du "PPren eta Ciudadanosen zorakeriaren" emaitza dela, "Espainiako ereserkia jotzen dutenean nor baino nor tenteago" daudelako biak.
Podemos: "PPk lurralde gatazkak bilatzen ditu ez dauden tokian"
Pilar Garrido Podemoseko senatari gipuzkoarra mozioa osoko bilkurara heltzea deitoratu du, "erakundeari ospea kentzen diolako, eta Konstituzioa ez betetzea eskatzen duelako". Bere ustez, PPk "lurralde gatazkak bilatzen ditu ez dauden tokian" arrazoi elektoralistengatik.
EH Bildu: "PPk mozorroa kendu du"
EH Bilduko Jon Iñarrituk PPri aurpegiratu dio urtero Gernikako Estatutua ospatzea, 39 urtean ez dituztenean eskumen guztiak transferitu, eta PPko senatariari mozioa ekartzea eskertu dio, bere alderdiaren jarrera "argitzen" duelako: "lege organiko bat ez betetzea eskatzen du, eta Estatutua araututako bide baten bidez aldatzea".
Iñarriturentzat, proposamena "Konstituzioaren aurkakoa, legearen kontrakoa eta antidemokratikoa" da, eta aurpegira bota die PPri Voxekin lehian dabilela. "Berdintasuna uniformetasunarekin nahasten dute, Konstituzio Auzitegiaren epaien kontra eginez", gogoratu die.
Zentzu horretan, "supremazismo hispanozentrikoa" erabiltzea leporatu die, proposamen "ultranazionalistekin", eta PPk "mozorroa kendu" duela esan du, eta "orain dela 40 urte pentsatzen dutena" pentsatzen dutela erakusten duela.
PDeCateko Josep Luis Cleriesek, bestalde, PPri gogoratu dio Gernikako Estatutua bete egin behar dela.
PSOE: "Negoziaketek aurrera jarraituko dute"
Antonio Rodriguez PSOEko senataria harrituta agertu da, proposamena "ez doalako bat Euskadiko PPko jarrerarekin", eta galdetu du gauza bera egingo duten Galizian edo Gaztela eta Leonen. Gainera, esan du PPk "Autonomien estatua apurtu nahi dutenen parean" jarri nahi duela.
Esan duenez, Sanchezek eta Iñigo Urkullu lehendakariak abiatutako negoziaketa mahaiak aurrera jarraituko du "apirilaren 28ra arte".
Taldeen erantzunak entzun ondoren, PPko senatariak EH Bilduk eta PPk "Estatutua eta Konstituzioa gainditzeko interesak" dituztela esan du, eta PP aukera berdintasunarekin eta Zuzenbide Estatuaren garapenarekin egongo dela.
Gainera, mozioa "Euskal Herriarenganako maitasun eta errespetu osoz" defendatu duela, eta EAJri galdetu dio "euskal presorik duen bere alderdian", eskumenen transferentziei buruz hitz egiten denean "espetxeak transferitzeaz" hitz egiten da. "Presoak Euskal Herrian eta inguruetan biltzen ari garenean, talde terrorista bati aire emateaz ari gara", esan du, eta gehitu du "ETAko presoekin" ez dela negoziatu behar.