Politika -
Mobilizazioa
PPk, Ciudadanosek eta Voxek Sanchezen aurka protesta egingo dute igandean, Madrilen
Riverak ekitaldi handi bat nahi du: “fronte zibiko bat”. “Espainiako banderarekin soilik” protesta egiteko deia egin du PPk. Sanchezen Gobernuari “traidore” deitu dio Abascalek.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Kataluniarekiko egiten ari den politikaren kontra protesta egiteko manifestazioak deitu dituzte Pablo Casado PPko presidenteak eta Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiak iganderako, Espainiako Exekutiboak alderdien arteko mahaian errelatore baten figura onartu ondoren.
Era berean, Colon plazan elkarretaratzea deitu du Santiago Abascal Voxeko presidenteak iganderako, Pedro Sanchezen Gobernu “traidorea” salatzeko.
“Desadostasun alderdikoien gainetik” PPk eta Ciudadanosek asteazken honetan deitutako mobilizaziora joateko eskatu die Abascalek espainiarrei sare sozial batean. Manifestazioa nola koordinatuko duten ikusteko dago orain.
PPk kalean protestak deitu behar dituela iragarri du goizean Casadok. Ekitaldi batean, Cuencan, Colon plazan, 11:00etan, protesta bat izango dela baieztatu du Alderdi Popularreko presidenteak.
Bestalde, ekitaldi handi bat antolatzeko asmoa azaldu du Albert Riverak Diputatuen Kongresuan. Pedro Sanchezen aurkako “fronte zibiko bat” iragarri du Ciudadanoseko buruzagiak, Kataluniarekiko bere politika salatzeko, eta “aski da” esateko.
Horrela, “soilik Espainiako banderarekin” Madrilen protesta egiteko eskatu du PPk. Alderdi Popularraren ahotan, Gobernuko presidenteak “herrialdea saldu nahi du Moncloan jarraitzeko”.
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordearen azalpenak “deitoragarriak, inteligentziarentzat irain bat eta Kongresuari mespretxu bat” izan direla esan du Casadok.
Sanchezek “atzera egin” eta “separatistekin” ez negoziatzeko, “fronte zibikoarekin” bat egiteko eskatu die Riverak espainiar guztiei. “Parlamentua entzuten ez baldin badu, kaleetan, sareetan eta hautetsontzietan” entzun beharko dituela ohartarazi dio Ciudadanoseko buruzagiak Sanchezi.