Politika -

Euskal Aurrekontuak 2019

Aurrekontuetan laguntzeko lege proiektua atzera bota du Jaurlaritzak

Azpiazuk argudiatu duenez, legea aurrera ez ateratzeko 'arrisku biziak' eraman du Jaurlaritza amore ematera. Gobernuak espero du neurriak hilabete honetan bertan indarrean izatea.

Pedro Azpiazu. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Pedro Azpiazu, agerraldian
Pedro Azpiazu: 'Jaurlaritzak ez du arrisku txikienarik ere hartuko'

0:55

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Premiazko Aurrekontu Neurrien Lege Proiektuan atzera egiteko erabakia hartu du astearte honetan Eusko Jaurlaritzak, irakurketa bakarrean gauzatzeko onespena zeukan arren. Horren ordez, hiru lege aurkeztu ditu, funtzionarioen eta itunpeko ikastetxeetako irakasleen soldaten eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren igoerak modu bereizian bideratzeko.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak argudiatu duenez, lege proiektua aurrera ez ateratzeko "arrisku biziak" eraman du Jaurlaritza atzera egitera. Oposizioak hiru neurriok banaka aurkezteko eskaera egina zion. "Proiektua hiru proposamen legegilegatik ordezkatuko dugu. Eduki bera, baina zatituta, oposizioak eskatzen zuen bezala. Gure asmoa da aitzakiarik edo arazorik ez ipintzea behar diren neurriak aurrera eramateko", nabarmendu du.

Gobernu bileraren ondotik, prentsaurrekoan azaldu da Azpiazu, Erkoreka eta Beltran de Heredia sailburuekin batera. Azaldu duenez, "Borondate politiko falta dela eta, Euskadiko 150.000 familia baino gehiagori onura zuzenak ekarriko dizkieten neurrietara zuzendutako 250 milioi euroak gauzatu ezin ahal izateko arrisku txikiena ere ez du hartuko Jaurlaritzak".

Azpiazuren esanetan, Ganberako zerbitzu juridikoen txostenak Jaurlaritzaren lege proiektua babestu du, erabilitako formula "erabat legala" zelako. Hori gorabehera, Jaurlaritzak amore ematea erabaki du azkenean. "Edukia ez onartzeko forma aitzakia moduan erabiltzen duen estrategiaren jokoan ez gara sartuko. Estrategia horretan Jaurlaritzak edota oposizioak ez dute galtzen, ezta irabazten ere; 150.000 euskal familiek irabazten dute", erantsi du.

Neurriak otsailerako indarrean egotea nahiko luke Jaurlaritzak

Sailburuak azpimarratu du Jaurlaritzak "neurriok ahalik eta azkarren" onartzeko erantzukizuna duela, "otsail honetan bertan indarrean sartzeko". Dena dela, ohartarazi du Gobernuak ez duela, gaur-gaurkoz, legeok aurrera aterako diren "berme nahikorik".

Legebiltzarreko Mahaiak gaur goizean jorratu behar zituen Premiazko Aurrekontu Neurrien Lege Proiektuaren ingurukoak. Jaurlaritzak, baina, lege proiektua bertan behera uzteko eskatu dio Ganberari, eta hiru legeak banaka aurkeztu ditu, Radio Euskadik aurreratu duenez.

Jaurlaritzak iragan asteartean onartu zuen legea, honako neurriokin: funtzionarioei eta itunpeko ikastetxeetako langileei soldata % 2,5 igotzea eta diru-sarrerak bermatzeko errenta % 3,5 igotzea (% 4,5 pentsiodunen kasuan). Horretarako, 250 milioi euroko aurrekontua zeukan Jaurlaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Funtzionarioak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak DSBE EAEko Aurrekontuak