Politika -

Biktimak

Eskuin muturrak hil zuen Yolanda Gonzalez omendu dute Bilbon eta Madrilen

Bere lagun batek gogorarazi duenez, "emakumea eta euskalduna izateagatik eta justizia eta bere jatorria defendatzeagatik hil zuten".

Bilboko omenaldia / Argazkia: EiTB.
Bilboko omenaldia.
Bilboko omenaldia / Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Gonzalezen auzokideek eta lagunek omenaldiak egin dituzte Bilbon eta Madrilen. Ikasle ekintzaile bilbotarra orain dela 39 urte bahitu eta hil zuen talde ultraeskuindar batek, 1980ko otsailean, 19 urte zituela.

Bilbokoa zen Gonzalez. Bertan, omenaldia egin diote auzokideek, Deustuko Erribera eta Zorrotzaurreko auzotarren elkarteek deituta. Orain dela hiru urte, Udalak bere izena jarri zion plaza bati, eta bertan egin dute ekitaldia.

Gonzalez Madrilgo Aluche auzoan ere bizi izan zen. Bere izena duen lorategi batean, lagunek, senitartekoek eta IUko kideek omenaldia egin diote, eta faxismoaren beste biktimak ere gogoan izan dituzte.

"39 urte zu gabe, 39 urte zurekin. Ez zaitugu ahazten" leloa irakurri zitekeen pankarta batean, aktibista gaztearen irudi batekin batera.

Gainera, Yolandarekin demokraziaren aldeko batzarretara joaten zen lagun batek gogorarazi duenez, "emakumea eta euskalduna izateagatik eta justizia eta bere jatorria defendatzeagatik hil zuten".

"Benetako demokraziaren, justiziaren eta gizarte eta lan eskubideen alde borrokatu zuen. 1980ko otsailean Aluche auzoko bere etxean bahitu eta hil egin zuen komando faxista batek", dio Madrilgo Udalak parke horretan jarritako plakak. Omenaldian, begizta more bat jarri diote.

Gainera, omenaldian gogorarazi dute Emilio Hellin hiltzaileak, 43 urteko zigorra jaso ostean, Polizia eta Guardia Zibilari ikastaroak eman zizkiola, segurtasun indarrek kontratutako New Technology Forensics enpresako irakaslea izan zelako.

1961eko urtarrilaren 20an jaio zen Yolanda Gonzalez Martin. 1980ko otsailaren 1ean, 19 urte zituela, Madrilen Lanbide Heziketa ikasten ari zen eta Langileen Alderdi Sozialistako militantea zen, talde ultraeskuindar batek bahitu eta hil zuenean. "Euskal jatorria izateagatik eta ezkertiarra izateagatik", Bilboko Udalak 2016an plazari bere izena ematean gogorarazi zuenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Eguneko albisteak Albisteak Madril Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimak Eskuin muturreko mugimenduak