Politika -
Euskadiren eskuduntzak
Lehen zazpi transferentzien inguruko txostenak egiten ari da Espainiako Gobernua
Aurrena, eskuduntza bakoitzaren bitarteko, funtzionario eta funtzioak zehaztuko dituzte. Ostean, balorazio ekonomikoa egingo du Ogasun Ministerioak. Azkenik, proposamena egingo du Sanchezen Gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren esku utzi beharreko transferentzien egutegia eskuan, aurreneko zazpi transferentzien inguruko txostenak egiten ari da Espainiako Gobernua, Lurralde Politika eta Funtzio Publikorako Ministerioak jakinarazi duenez.
Honakoak dira lehendabizi eskualdatuko diren transferentziak: produktu farmazeutikoen legedia, eskola asegurua, enplegu erregulazio espedienteengatik kaltetutako langileen erretirorako aurretiko laguntzak, aldirietako eta FEVEko trenbide zerbitzuen bi linea, eskola ibiltariak, herri lanen ikasketa zentroa eta berrikuntza teknologikoak.
Eskuduntza bakoitzak behar dituen bitartekoak, funtzioak eta funtzionario kopurua zehaztu behar ditu Espainiako Gobernuak. Ondoren, Ogasun Ministerioak balorazio ekonomikoa egingo du.
Datuok eskuan, otsaileko lehen hamabostaldian, proposamena igorriko dio Sanchezen Gobernuak Jaurlaritzari. Bi aldeak ados egotekotan, Batzorde Mistoko bilkurara eramango dute akordioa. Desadostasunak badaude, lantaldeak sortuko dituzte bat etorri arte. Behin betiko akordioa dagoenean Batzorde Mistoaren bilera deituko dute, izenpetzeko.
Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua Madrilen da gaur, Presidenteen Konferentziako Jarraipen Batzordeko bileran, eta bertan Batetekin gai horren inguruan hitz egitea espero da.
Lehenengo zazpiak, apirilerako
Aurreikuspenen arabera, lehen zazpi eskuduntza horiek apirilerako egongo dira Jaurlaritzaren esku. guztira, 33 transferentzia jaso ditu Espainiako Gobernuak negoziazio egutegian: Espetxeena tartean dago, ez ordea, Gizarte Segurantzarena.
Apirilean, bigarren eskuduntza multzoa negoziatzeari ekingo diete bi aldeek. Hirugarren multzoa, Espetxeena tartean duena, uztailean. 33 transferentziak 2020ko urtarrilerako egon beharko lirateke eskualdatuta.
Hain justu, kartzelen eskuduntza transferitzeaz galdetu zioten atzo Kongresuan Angel Luis Ortiz Espetxeetako zuzendari nagusiari. Ortizek iritzia ematea saihestu zuen, erabakia berari ez dagokiola argudiatuta: "Erabaki politikoa da, goi-mailakoa".