Politika -

Erasoa

Amurrioko Udalak igandeko erasoa gaitzetsi eta egiletza argitzeko eskatu du

Bozeramaileen Batzordeak babesa eta elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen familiari.

Amurrioko Udalak erasoa gaitzetsi du. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Amurrioko Udalak erasoa gaitzetsi du
Amurrioko Udalak erasoa gaitzetsi du. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amurrioko Udala osatzen duten sei alderdiek "irmoki" gaitzetsi dute iragan igandean Arabako aipatu udalerriko baserri baten aurka izandako erasoa. Etxe horretan ezker abertzaleko familia bat bizi da.

Esan bezala, Bozeramaileen Batzordeak bilera egin du gaur goizean. Hartara, EAJk, EH Bilduk, Orain Amurriok, PSEk, PPk eta Guk Baik parte hartu dute batzarrean. Bertan, "baimendu gabeko" pistola batekin izandako erasoa izan dute aztergai. Duela bi egun ustez polizia batek baserri horren aurka egindako tiroak kristal bat hautsi zuen, baina ez zuen inor zauritu.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak salatu zuenez, 9 milimetroko bala jaurti zuen egileak, hots, "erretiroa hartutako poliziak", haren esanetan.

Gauzak horrela, Amurrioko Udalak "onartezintzat" jo du gertakaria, eta "babesa eta elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen sendiari". Gainera, 18:00tarako elkarretaratzea deitu dute, igandean jazotakoa gaitzeste aldera.

Azkenik, "gertatutakoa lehenbailehen argitzeko eta egileari dagokion zigorra ezartzeko" eskatu dute.

Bien bitartean, Ertzaintzak lagun bat identifikatu du erasoarekin zerikusia duelakoan.

Eusko Jaurlaritzak "larritzat eta kezkagarritzat" jo du Amurrion gertatutakoa

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak baserri horretan gertatutakoa "larria eta kezkagarria" dela esan du. Halaber, Ertzaintza egiten ari den lana goretsi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Politika Eusko Jaurlaritza Delituak Eguneko albisteak Albisteak Aiarako kuadrilla gaur