Politika -
'El Pais'en arabera
Franco Almudenan hobiratzea galaraziko du Gobernuak, segurtasun arrazoiengatik
'El Pais' egunkariaren arabera, Francoren gorpua ezingo dute Almudenara eraman, ordena publikoarekin eta mehatxu terroristekin zerikusia duten arrazoiengatik, besteak beste.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak debekatu egingo du Francisco Francoren gorpua Madrilgo Almudenara eramatea, segurtasun arrazoiak medio, El Paisek jakitera eman duenez.
Egunkari horrek zehaztu du Gobernuak diktadorearen senitartekoen asmoa gaitzetsi duela, txosten baten bidez, eta beraz, ezingo dutela Francoren gorpua Almudenako katedralean dagoen kriptan hobiratu.
"Inolaz ere ezingo dute Almudenan hobiratu, ordena publikoarekin eta mehatxu terroristekin zerikusia duten arrazoiengatik. Gainera, bertara eramanez gero, egun seinalatuetan ingurua kolapsatzeko arriskua legoke, baita, kriptan bertan, alde eta kontra daudenen arteko liskarrak egoteko aukera ere", esan dute.
"Almudenan ehorztea onartuko balu, handik dabiltzan gainerako herritarren eskubideak arriskuan jarriko lituzke Gobernuak", adierazi du aipatu egunkariak. Bukatzeko, El Paisek zehaztu du espedienteak Francoren familiaren alegazioak jasoko dituela orain, eta Ministro Kontseiluan hartuko dutela azken erabakia.