Politika -

Katalunia

Dozenaka mila lagun atera dira kalera, '78ko erregimena' indargabetzea eskatuz

Erakunde independentistek deitutako manifestazioan, "78ko erregimena eraisteko" eta autodeterminazio eskubidea gauzatzeko helburuarekin mobilizazio gehiago izango direla iragarri dute.

Manifestazio jendetsu batek Bartzelonako erdigunea zeharkatu du. Argazkia: EFE
Manifestazio jendetsu batek Bartzelonako erdigunea zeharkatu du. EFE
Manifestazio jendetsu batek Bartzelonako erdigunea zeharkatu du. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'78ko erregimena'ren kontra eta Kataluniako Errepublikaren alde, dozenaka mila lagun mobilizatu dira gaur arratsaldean Bartzelonan.

Erakunde eta alderdi politiko independentistek deituta, jendetza bildu da hiriaren erdigunean, Espainiako Gobernuak Ministro Kontseilua Bartzelonan egin izana "probokaziotzat" jo dute eta hori salatu nahi izan dute mobilizazioarekin.  Gracia pasealekuan hasi eta Kale Nagusia zeharkatu duen martxan, preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko oihuak ere izan dira.

'Bota dezagun 78ko erregimena. Eskubide sozial eta politikoengatik, autodeterminazioagatik, errepresioaren aurka', talde eta alderdi politiko independentista guztiek bat egin dute deialdiarekin, tartean, ANCk, Omnium Cultural erakundeak, CUPek eta CDR Errepublikaren defentsarako batzordeak.

Ibilbidearen amaieran egindako ekitaldian, erakunde soberanistek mobilizazio gehiago deituko dituztela iragarri dute, "78ko erregimena"ren kontra eta Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde.

Silvia Bel aktoreak irakurri duen adierazpenean, Estatuari "aurre egin" behar zaiola azpimarratu dute: "Azken hileetan ikusi dugu ezin daitekeela dena alderdi politikoen esku utzi. Kataluniako herriak urriaren 1an eta 3an erakutsi zuen jarrerarekin soilik ikaratu da Erregimena".

Horrela bada, "erakundeak ordezkari politikoenak ez ezik, herritarrenak ere badirela ulertu behar dute eta herriak kalera ateratzeko hautua egin duela eta parte-hartze politikoa alderdien esku soilik egotea nahi ez duela onartu behar dute".

"Hamaika arrazoi ditugu 78ko erregimenaren kontra borroka egin eta bizimodu duina bermatuko duen antolakuntza sozial berri bat eraikitzeko. Horregatik, abenduaren 21a borroka eguna izan da, eta ez da borroka egun bakarra izango, lapurtu eta ukatzen diguten subiranotasuna berreskuratzeko mobilizazio gehiago egingo baititugu aurrerantzean", iragarri dute.

"Subiranotasuna Kataluniako Errepublikarekin soilik lortuko dugu bere osotasunean", erantsi dute.

Bestalde, Espainiako Gobernuak gaur Bartzelonan egin duen bilera probokaziotzat jo dute. "Polizia eta Guardia Zibila Katalunian egotea justifikatzeko aitzakia baino ez da izan", salatu dute.

"Espainiako Gobernuarekin akordio batera heltzea ezinezkoa izan da eta ezinezkoa izango da, bere kolorea edozein delarik ere, bere legea inposatzen saiatuko baita behin eta berriro, 155a ezartzeko mehatxu mugagabearekin", ohartarazi dute.

Estatuak Kataluniaren aurka darabilen "jazarpena eta errepresioa" salatu dute, espetxean eta erbestean dauden politikari independentistak gogoratuz eta haien askatasuna exijituz.

Amaitzeko, Ministroen Kontseiluak gaur hartutako erabakiak "iraingarritzat" eta "onartezintzat" jo dituzte, eta egunean zehar izan diren mobilizazioetan segurtasun indarrek izan duten jarrera salatu dute, atxilotutako manifestariak berehala aska ditzatela eskatuz.

Manifestazio jendetsu batek Bartzelonako erdigunea zeharkatu du. EFE

(Dozenaka mila lagun bildu dira Bartzelonako manifestazioan. Argazkia: EFE)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika Bartzelona albisteak Espainiako Gobernua bideoak Espainia bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Manifestazioak