Politika -

ETB-REN ESKLUSIBA

Konstituzionalak tramitera onartu du Otegiren inhabilitazioari jarritako helegitea

ETBk jakin ahal izan duenez, Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du Otegiren inhabilitazioaren kontra jarritako helegitea.

Arnaldo Otegi artxiboko irudi batean.
Arnaldo Otegi artxiboko irudi batean.
Tramitera onartu dute Otegiren inhabilitazioari jarritako helegitea

1:29

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bateragune kasuaren epaia dela eta, Arnaldo Otegi inhabilitatuta dago sufragio pasiborako, 2021eko otsailaren amaierara arte arte, baina Euskal Telebistak jakin ahal izan duenez, Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du erabaki horren kontra jarritako helegitea.

Helegite hori aurrera aterako balitz, EAEko lehendakaritarako hauteskundeetara aurkeztu ahal izango luke Otegik.

Bateragune auzia eta inhabilitazioaren nondik norakoak

Sei urte eta erdiko espetxealdia eta sufragio pasiborako inhabilitazioa ezarri zizkioten Arnaldo Otegiri Bateragune Auziko epaian, "ETAko kidea izatea" leporatuta.

Kartzelaldia beteta, 2016ko martxoan atera zen Logroñoko espetxetik. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezten ahalegindu zen, baina atzera bota zuten bere hautagaitza, 2021 urtera arte inhabilitatuta zegoela argudiatuz.

Otegiren defentsak, Iñigo Iruin abokatuak, alegia, helegitea jarri zuen: espetxean igarotako urteekin bukatzen zela inhabilitazio zigorra ulertzen zuten, baina Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen helegite hura.

Orain dela 14 hilabete beste helegite bat aurkeztu zuten eta hori onartu egin du orain Auzitegi berberak.

Ez dago Konstituzionalak helegitearen inguruko ebazpena emateko eperik, baina Batasuneko bozeramaile ohiaren defentsa baikor dago. Otegik ez zuela epaiketa justurik izan aitortzen duen Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren sententziaren ondoren,  Konstituzionalak bide beretik joko duela uste dute.

Inhabilitazioa garaiz altxatuko baliote, Arnaldo Otegi hautagai izan ahalko litzateke bi urte barru egingo diren hauteskunde autonomikoetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi berriak Politika EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak