Politika -
Konstituzioa urteurrena
EAJ: 'Euskal nazioaren errealitatea aitortzeak Estatua indartuko luke'
Bildarratzek gogorarazi duenez, Konstituzioak ez zuen euskal herritarren babesa jaso, Euskadin % 30 inguruk onartu baitzuten.
agentziak | erredakzioa
EAJren ustean, Konstituzioaren erreforma egingo balitz, euskal nazioaren errealitatea aitortu beharko litzateke, eta horrek "Estatua indartuko" luke.
Jokin Bildarratz EAJren Senatuko bozeramaleak alderdiaren iritzia azaldu du, Konstituzioak 40 urte bete dituen honetan. EAJk ez du urteurrena ospatzen duela urte batzuk.
Sabin Etxean egindako agerraldi batean Bildarratzek adierazi duenez, euskal herritarrek ez zuten Konstituzioa babestu, jaio zenean, Euskadin % 30 inguruk babestu baitzuten.
"Eta urruntze hau egunez egun handitzen ari da, Konstituzioak planteatzen zaizkion arazoak konpontzen laguntzen ez duelako: Katalunia, Euskadiren nazio izaeraren aldarrikapena, judikatura, ustelkeria…. Estatuko botereak ere ez dira Konstituzioa erabiltzen ari gaurko arazoak konpontzeko, eta horri begira dago hiritargoa", erantsi du.
Horrez gain, "Konstituzioa eta Legea etengabe urratzea", kasu honetan euskal Estatutua bere osotasunean betetzea, nabarmendu du jeltzaleak. "Alderdi batzuek komeni zaienean baino ez dute legea errespetatzen", egotzi die.
Konstituzioa erreformatuko balitz, "nazio aldarrikapena" jaso beharko lukeela uste du EAJk. "Euskal nazioaren errealitatea aitortzeak Estatua indartuko luke".
"Ez da aurrerapausorik ematen begiak itxita. Estatuan nazio aniztasuna dagoela ulertu behar dute Konstituzioaren aldeko alderdiek. Konstituzioak berak aitortzen du nazioak daudela 2. artikuluan", Bildarratzek gogorarazi duenez.