Politika -

Gernikako Estatutua

Eskuduntzak eskualdatzeko egutegia urtea amaitu aurretik itxiko dute

Espainiako Gobernua espetxe eskumena negoziatzeko prest dagoela berretsi du Meritxell Batet ministroak. Aldiz, Gizarte Segurantzaren eskuduntza eskualdatzea negoziaziotik kanpo utzi dute.

Batet y Erkoreka, hoy, en Bilbao. Foto: EiTB.
Batet y Erkoreka, hoy, en Bilbao. Foto: EiTB.
Batet: 'Gizarte Segurantzaren eskumena ez, baina espetxeena agendan dago'

3:45

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018 urtea amaitu aurretik Gernikako Estatutuan jasota dauden hainbat eskuduntza eskualdatzeko egutegia itxiko dutela iragarri du Meritxell Batet Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak.

Buruzagi sozialistak berretsi duenez, Gobernu zentrala prest dago espetxeen eskumena negoziatzeko eta EAEren esku uzteko. Aldiz, Gizarte Segurantzaren kudeaketaren eskumema negoziaziotik kanpo geratuko dela jakinarazi du ministroak.

Transferentzien Batzorde Mistoa elkartu da gaur Bilbon, zazpi urtez biltzeke egon eta gero. Batzarraren ostean, Batetek eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin dute hedabideen aurrean, hitz egindakoaren berri emateko.

Joan den asteartean, azaroaren 20an,  adostu bezala, AP-1 autobidearen Armiñon eta Burgos arteko zatia eta Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbao-Basauri trenbide lineak EAEren esku utzi ditu gaur Madrilek. Auzitegi Konstituzionalak 2016an ebatzi zuen eskumen horiek EAEri zegozkiola.

Urtarrilaren 1etik aurrera hartuko ditu Jaurlaritzak bere gain gaur eskuz aldatutako azpiegiturak. Urtero 425.965 euro kenduko ditu Kupotik Jaurlaritzak eskuduntza horiengatik.

'Gizarte Segurantzaren eskumena oso konplexua da eta Jaurlaritzak, oraingoz, ez du lehentasunen artean jarriko'

Erkorekaren hitzetan, "zazpi urteko lehortearen eta inkomunikazioaren ondoren", aro hori "itxita" geratu da gaur. Gizarte Segurantzaren eskumena "oso konplexua" dela eta Jaurlaritzak, oraingoz, ez duela "lehentasunen artean" jarriko esan du. Halere, Gasteizko Gobernuak Gizarte Segurantzaren kudeaketari ez diola "uko egingo" azpimarratu du.

Jaurlaritzaren izenean, Erkorekakin batera, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua, Pedro Azpiazu Ogasun sailburua, Sabino Torre Araubide Juridikoaren sailburuordea, Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraioko sailburuordea, Itziar Agirre Ogasun sailburuordea, Begoña Perez de Eulate Estatutuaren Garapenerako Zuzendaria eta Aitziber Beldarrain Erakundeen Baliabideetako zuzendaria izan dira batzarrean. Espainiako Gobernuaren izenean ere ordezkaritza zabala izan da, tartean, Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak