Politika -
Estatutu berria
EAJk eta EH Bilduk Europako Parlamentuan aurkeztuko dute estatutu berrirako akordioa
Joseba Egibar eta Maddalen Iriarte Europako Parlamentuan izango dira asteazken honetan, estatutu berria idazteko adostu dituzten oinarriak azaltzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joseba Egibar eta Maddalen Iriarte Europako Parlamentura joango dira asteazken honetan, EAJk eta EH Bilduk Euskal Autonomia Erkidegorako estatutu berria idazteko adostu dituzten oinarrien berri emateko.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du inor ez dela larritu behar gehiengoa duten bi alderdik Eusko Legebiltzarrean egindako itun bat Europako foroetan aurkezteagatik.
Erakunde parlamentarioen arteko "ideia eta esperientzia trukaketa" bat baino ez dela erantsi du, "demokraziaren adierazpen parlamentarioa, hain zuzen ere".
"Ez dut uste inor larrituta edo kezkatuta egon behar denik horregatik", azpimarratu du.
Halaber, gogora ekarri du EAJk eta EH Bilduk adostutakoa batzorde tekniko baten esku geratu dela orain eta testua Legebiltzarrera itzuliko dela gero, "akordioa ahalik eta zabalena izan dadin".