Politika -
U-1aren urteurrena
CDR taldeek Bartzelonako istiluekin zerikusirik ez dutela esan du Mossoen zuzendariak
Kataluniako polizia autonomikoak bart egindako kargak justifikatu ditu Andreu Martinezek, eta 'aurrez aurrekoaren bila zebiltzan talde erradikalei' egotzi dizkie istiluak.
Agentzia | Erredakzioa
Bart, U-1eko urteurrenaren manifestazioaren ondotik, Bartzelonan izandako istiluak eta Errepublikaren Defentsarako Batzordeen (CDR) jarduna bereizi ditu gaur Andreu Martinez Esquadra Mossoen zuzendari nagusiak.
Kataluniako polizia autonomikoaren buruak prentsaurrekoa eskaini du Bartzelonako Les Corts komisarian atzoko polizia-dispositiboaren inguruan azalpenak emateko. Mossoek hainbat karga egin zituzten Parlamentuaren eta Via Laietana etorbidearen aurrean bildutako manifestarien kontra.
Martinezek defendatu egin ditu karga horiek, Mossoen egitekoa "aurrez aurrekoaren bila zebiltzan talde erradikalen indarkeriazko ekintzen aurrean segurtasuna bermatzea" dela iritzita.
Torra presidenteak CDR taldeei animoak ematearen inguruan —"Estutu, jarraitu estutzen" esan zien—, ez du adierazpenik egin nahi izan Martinezek. "Ez dut horren inguruan hitz egingo. Dugun informazioaren arabera, 21:38an CDR taldeek ekintzak bertan behera utzi zituzten. Une horretan hasi ziren istiluak, batez ere Parlamentuan", azaldu du.
"Gutxiengo baten jarrera aldaketa"
Martinezen esanetan, atzoko esku-hartzea "gertakarien araberakoa eta eraginkorra" izan zen. "indarkeriazko ekintzarik ez badago, Poliziak ez du kargarik egiten. Horrela egiten dugu guk", gaineratu du.
Mossoen buruak azaldu du larunbatetik "gutxiengo baten jarrera aldaketa" atzeman dutela. "Atzo bertan, aurrez aurrekoaren bila zebiltzan talde erradikalak identifikatu genituen argi eta garbi", esan du.