Politika -
Politika Orokorreko Eztabaida
Mendiak erantzukizuna eskatu du, autogobernuaren erreforma bideragarri izan dadin
Idoia Mendiaren ustez, posible da akordioak sendotzea, baita inor baztertu gabe etorkizunerako proiektu bateratu bat gauzatzea ere; hots, "bideragarria den proiektu barneratzaile bat sortzea".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak "erantzukizuna" eskatu die gaur alderdi guztiei, "legaltasuna errespetatuz" autogobernuaren erreforma bideragarri izan dadin.
Politika Orokorreko Eztabaidan egindako agerraldian, EAJk eta EH Bilduk autogobernuaren harira erdietsitako akordiotik haratago, hitzarmen sendoagoak lor daitezkeela adierazi die gainerako alderdi politikoei.
Mendiaren ustez, posible da akordioak sendotzea, baita inor baztertu gabe etorkizunerako proiektu bateratu bat gauzatzea ere, hots, "bideragarria den proiektu barneratzaile bat sortzea".
Ildo horretan, PSE-EEko buruak errepikatu du sozialisten asmoa dela "herrialdea elkarrekin eraikitzea". Hori horrela, "pluraltasuna bermatuta eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoan oinarrituta" duela bi urte EAJrekin sinatutako elkarbizitzarako proiektua aurrera eramateko konpromisoa erakutsi du.
Autogobernuaren gaiari eutsita, gogorarazi du oraindik ez dela alderdien arteko itunik hitzartu. Gainera, Urkulluri aurpegiratu dio ezinezkoa dela pluraltasuna lortzea, gizartearen parte batek nahi duena soilik kontuan hartzen bada".
Hala, Urkulluk defendatzen duen sistema "konfederalaren" aurrean, sozialistek eredu federala nahiago dutela argitu du.
Bukatzeko, Pedro Sanchezen Gobernuarekin Espainiara heldu den "aro berriari" buruz ere mintzatu da. Alderdi guztientzat aukeraz eta erantzukizunez betetako unea dela, eta ezin direla arazoak usteltzen utzi nabarmendu du, irtenbideak bilatzeko garaia dela argi utzita.