Politika -
Boto-txartelak
Donostian egin beharreko galdera aurkeztu du Gure Esku Dagok
"Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?", formula aho batez adostu dute Adosgunea taldean.
Agentziak | Erredakzioa
Erabakitzeko eskubidearen inguruko galdeketa bat egingo duen Euskal Herriko lehen hiriburua izango da Donostia, azaroaren 18an. Gure Esku Dago herri plataformak kontsultan egin beharreko galdera aurkeztu du gaur.
“Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?”, formula aho batez adostu dute Adosgunea taldean. “Sentsibilitate politiko ezberdinetako” 17 kidek osatzen dute Adosgunea.
Ibon Rosales eta Maria Mungia del Pozo Gure Esku Dagoko bozeramaileek prentsaurrekoa eman dute Donostian. Miren Azkarate eta Jaime Dominguez Macaya EAJko zinegotziek eta Amaia Almiral, Josu Ruiz, Naiara Sampedro eta Olaia Duarte EH Bilduko zinegotzi donostiarrek aurkezpenean parte hartu dute.
“Adosgunea taldeak desadostasunak alde batera” utzi dituela ziurtatu du Rosalesek. Herritarrek egindako ekarpenak kontuan hartu ditu, eta boto-txarteletako galdera aho batez onartu du.
Galdeketa aurreko ekitaldi nagusia urriaren 28an izango dela iragarri du Gure Esku Dagok. "Dantzatu dezagun erabakia" lelopean, hautestontziak Donostiara helduko direla aurreratu dute bozeramaileek.
Azaroaren 18ko kontsulta antolatzeko 1.000 boluntario baino gehiago beharrezkoak izango direla uste dute antolatzaileek; izan ere, 34 hautesleku zabalduko dituzte Donostia osoan, Igeldon eta Zubietan izan ezik. Azken bi toki horietan galdeketak aurretik egin dituzte.
“Nahiz eta azaroaren 18aren ostean datozen lau urteetarako alkaterik eta politikarik ez aldatu, prozesuak merezi duela argi” du Gure Esku Dagok. “Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera pasa gara”, azpimarratu du.
Era berean, Gure Esku Dagok azaroaren 18an galdeketak antolatu ditu Irun, Balmaseda, Zalla eta Alonsotegin.