Politika -
USTEZKO USTELKERIA KASUA
De Miguel auziko epaiketa eten dute 15 egunez, akordioa lortzen saiatzeko
Epaimahaiak aintzatu hartu du Arabako fiskal nagusiak epaiketa behin-behinean eteteko egindako eskaria. Urriaren 1ean berrekingo diote ahozko epaiketari.
EITB.EUS
De Miguel auziko epaiketa 15 egunez etetea erabaki du epaimahaiak, Arabako fiskalburuak eskatuta, Fiskaltza eta defentsak zigorraren inguruko akordioa lortzeko lanean ari direlako. Zigorrak arintzearen truke, akusazioetako batzuk aitortu ditzakete akusatuek.
Euskal Herrian inoiz epaitu den ustezko ustelkeria kasu handiena da De Miguel auzia, eta udako etenaren ondotik, epailearen aurrean deklaratzen hastekoak ziren gaur 26 akusatuak.
Gaurko saioan, Jaime Tapia epaimahaiburuak aintzat hartu du fiskalaren eskaria, akusatuen "defentsa eskubidea" bermatzeko eta defentsen zein akusazioen interesak "asetzeko".
Epaiketa etetea eskatuko zuela iragarri du goizean goiz Josu Izagirre fiskalburuak Arabako Lurralde Auzitegiaren atarian, defentsekin akordioa lortzen saiatzeko. Fiskalaren eskaria babestu dute gainerako akusazioek —Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia— eta defentsek.
"Defentsa abokatuekin hitz egiten ari gara akordioa lortzeko aukerak aztertzeko", ziurtatu du Izagirrek. Dena den, elkarrizketak "oso konplexuak" direla eta oraindik ere "egiteko lan handia" dagoela azaldu du.
Izagirren esanetan, oraindik ere "asko findu" behar da, besteak beste, auzian 26 akusatu eta "delitu asko" daudelako. Edozein kasutan, ez du argitu negoziazioak zein puntutan dauden eta, akordioa egotekotan, norekin izango litzatekeen.
Akordioak akusatu guztiei eragiten ez badie, akordiotik kanpo gelditzen direnekin berrekingo diote epaiketari, bi aste barru. Edozein kasutan, ez da hori aukera bakarra. Litekeena da Fiskaltzak eta defentsek 15 eguneko epea luzatzea eskatzea negoziazioekin jarraitu ahal izateko. Dena den, legearen arabera, gehienez ere hilabetez eten daiteke epaiketa.
De Miguel auziko epaiketa urtarrilean hasi zen, lekukoen deklarazioarekin. Gaurtik aurrera deklaratzekoak ziren 26 akusatuak, tartean, Alfredo de Miguel buruzagi ohi jeltzalea. Fiskalak 54 urteko kartzela zigorra eskatu zuen De Miguelentzat, EAJn zuen arduraz baliatuta legez kanpoko eskupekoak kobratzea leporatuta. Horretarako, sozietate sare bat sortzea egozten diote.
Guztira, 26 lagun daude akusatuen aulkian. Alfredo De Miguel bera, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano Araba Buru Batzarreko kide ohiak, Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde ohia, Julian Sanchez Alegria EAEko teknologia parke sareko buru ohia eta Maria Justina Angulo Zambranako EAJko alkate ohia, besteak beste.