Politika -
Kartzela politika
Jokin Unamuno Altsasuko presoa Zaballara eraman dute, Iruñera joatea eskatu arren
Gurasoen hitzetan, beste preso bati esker jakin dute Estremeratik atera eta lekualdatzen ari direla. Oihan Arnanz eta Iñaki Abad Zaballan eta Iruñean direla ere baieztatu dute.
eitb.eus
Jokin Unamuno Altsasun Guardia Zibilekin izandako liskarragatik preso dagoen gaztea Estremeratik (Madril) atera eta Zaballara (Araba) eraman dutela jakinarazi dute gurasoek. Hala, 'Altsasu auzi'ko preso guztiak daude jada Euskal Herriko presondegietan.
Estremerako preso bati esker jakin omen dute lekualdatzen ari direla, eta ordu batzuk geroago esan diete dagoeneko Zaballako espetxean dagoela Unamuno. Baina Unamunok Iruñeko espetxean sartzea eskatu zuen, eta gurasoei azaldu diete "akats administratibo batengatik edo" eraman dutela azkenean Arabara. "Surrralista" jo dute egoera gurasoek.
Aurreko ostiralean, Oihan Arnanz eta Iñaki Abad hasi ziren lekualdatzen, eta gaur baieztatu dute Zaballan eta Iruñean daudela. Bestalde, jakina zen Julen Goikoetxea, Adur Ramirez de Alda, Aratz Urrizola eta Jon Ander Cobo Euskal Herriko espetxeetan daudela (Zaballan eta Iruñean).
Gurasoek prentsaurrekoa emango dute bihar goizean Iruñean lekualdatzeen inguruko iritzia eta xehetasunak emateko.
Espetxe Zuzendaritzak aurreko hilean iragarri zuen lekualdatuko zituztela, baina ez zuen jakitera eman nora eramango zituzten.
Auzitegi Nazionalak 2 eta 13 urte arteko kartzela-zigorra ezarri zien Altsasuko 8 gazteri, 2016ko urrian bi guardia zibilekin izandako liskarragatik. Zazpi espetxean daude, eta zortzigarrena, Ainara Urkijo, kalean dago, 2 urteko zigorra ezarri ziotelako.