Politika -

Alfonso Alonso

'Lehendakariak uste badu estatus berriak ez duela balio, baztertu beharko lukete'

"Urkulluk ez du hitz egin aurrekontuak negoziatzeaz”, gaitzetsi du Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak: “Ematen du hesgailua zauria izan aurretik ari direla jartzen, luzapenaren aurretik".

Alfonso Alonso Radio Euskadin elkarrizketatu dute. Argazkia: Radio Euskadi.
Alfonso Alonso Radio Euskadin elkarrizketatu dute. Argazkia: Radio Euskadi.
Alonsok 'koherentzia' eskatu dio Urkullu lehendakariari

RADIO EUSKADI | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan, Euskadiko PPren presidente Alfonso Alonsok adierazi du egoera politikoek ez diotela EAJri laguntzen 2019ko autonomia-aurrekontuak onartuak izan daitezen, kontuan izanik jeltzaleek babesa eman ziotela Pedro Sanchezi: "Urkulluk ezin du utzi gainerakoen esku aurrekontuak onartzeko ardura", esan du Alonsok, "gutxiengoa duen Gobernua da". Nolanahi ere, prest daude eztabaidatzeko koalizio-gobernuarekin, baina "ahalegin handia egin beharko dute luzapenik ez izateko".

EAJk eta EH Bilduk adostutako autogobernu-estatus berriari dagokionez, Alonsok uste du Urkulluk EAJk testua baztertzea lortu beharko lukeela, "hori legez kanpokoa delakoan badago lehendakaria". Ikasturte politikoko lehen Gobernu Bileraren ostean, lehendakariak berretsi zuen beharrezkoa dela ituna zabaltzea, xede izanik horrek "instituzio-ibilbidea" izatea.

Alfonso Alonsoren iritziz, Urkullu, ahal duen guztietan, EAJren proposamenetik bereizten da. "Koherentzia" eskatu du Euskadiko PPren presidenteak; izan ere, "lehendakariak guretzat atseginak diren hitzak esaten ditu, baina, gerora, bere alderdia EH Bildurekin batera doa. EAJk, Legebiltzarrean, lehendakariak esaten duenaren kontrakoa egiten du".

EAJ eta PSE, gustura elkarrekin

Alonsok ulertzen du EAJ gustura egotea Jaurlaritzan PSErekin: "PSE, Euskadin, EAJren mendeko alderdia da. Normala da Urkullu pozik egotea haiekin, eta sozialistentzat ere ona da, erakundeetan baitaude".

Pablo Casado buru duen Alderdi Popularreko zuzendaritza berriaren eta Euskadiko PPren artean galdetu diotenean, Alonsok aditzea eta errespetua aldarrikatu ditu: "Soraya Saenz de Santamariak oporrak merezi zituen", esan du, Casadoren garaipenaren ostean PPren primarioetan bigarren postuan geratu zen hautagaiak izandako jarreraren gainean.

Franco hobitik ateratzeaz: "Ez nau asko kezkatzen"

"Sanchezek, ez gobernatzeko xedearekin, egun osoa emango luke Francoz hitz egiten", esan du Alonsok. Garrantzia kendu dio diktadorea hobitik ateratzeari: "Ez nau asko kezkatzen. Franco hilda dago. Ez dut uste oroitzapen onik dagoenik modu diktatorial batean agindu zuen pertsona bati buruz. Errepresio oso gogorra eragin zuen. Inork ez du nahi Franco ohoratu".

Espetxe-politikari dagokionez, baldintzak jarri dizkio EPPKren presoak multzoka lekualdatzeari: "Birgizarteratzearen alde gaude, baina ez zigorgabetasunaren alde. Damua agertu behar dute, Justiziari lagundu; horixe da banakako birgizarteratzearen bidea". Lekualdatze horiek gauzatzekotan, Euskadiko PPk ETAko biktimen hainbat elkarterekin aztertuko luke egoera.

Jatorrizko informazioa Euskadi Irratiak landu eta eitb.eus-ek itzuli du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea PP Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza berriak PSE-EE Euskadiko PP berriak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Alfonso Alonso Irrati programazioa