Politika -
GERNIKAKO ESTATUTUA
Falta diren eskumenak eskualdatzeko egutegi bat eskatuko dio Urkulluk Sanchezi
Datorren asterako aurreikusita dago aldebiko batzordearen lehen bilera eta, besteak beste, bi tren linearen transferentzia izango dute mahai gainean.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Gernikako Estatutuan jasota dauden eta oraindik transferitu ez diren 37 eskumenak Euskadira eskualdatzeko egutegi bat eskatuko dio gaur Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako Gobernuari.
Udako oporren ostean, Eusko Jaurlaritzak lehen gobernu bilera egingo du gaur, asteartean, Donostiako Miramar Jauregian, eta horren ostean urte politiko berrirako helburuez mintzatuko da lehendakaria. Jaurlaritzako iturriek azaldu dutenez, Gernikako Estatutua osorik betetzea azpimarratuko du, transferitu gabeko eskumenak Eusko Jaurlaritzaren esku uztea eskatuz (espetxe politika eta Gizarte Segurantza barne).
Hain zuzen ere, jaso gabe dauden transferentziez aritzeko osatu den aldebiko batzordeak irailean egingo du lehen bilera, eta mahai gainean izango du, besteak beste, Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbo-Basauri tren lineen transferentzia. Halaber, A-68 eta AP-1 errepideen kudeaketa daramaten enpresekin elkarrizketak eta tramiteak hasiko ditu.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak eskumenen eskualdatzea gauzatzeko kronograma bat eskatuko dio Espainiako Gobernuari. Urkulluren Gobernuarentzat lehentasun diren eskumenei dagokienez, Jaurlaritzak ez du uste espetxe eskumena lortzeko arazorik izango denik, baina Gizarte Segurantzakoaren kasuan arazo teknikoak egongo direla onartu du.
Hori dela eta, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "luzamendurik gabe" alor horretan lan egingo duen lantalde bat sortzeko eskatuko dio Meritxell Batet Espainiako Gobernuko Lurralde Politikarako ministroari.
Bestalde, bi Gobernuen arteko harremanak nolakoak diren ere azalduko du Urkulluk, bereziki, Sanchezen Gobernuak polizia gehiegikerien legearen kontrako helegitea erretiratu eta presoak gerturatzeko prozesua abiatu ostean.
Horiez gain, beste gai batzuk ere izango ditu mahai gainean: datorren urteko aurrekontu proiektuaren ildo nagusiak, enplegu sorrera eta suspertze ekonomikoa, espetxe politika, migranteei arreta eta genero indarkeria.
Lehen Gobernu Bilera, gaur, 10:30ean
Tradizioari jarraituz, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Miramar jauregian egingo du uda osteko lehen gobernu bilera, gaur, 10:30etik aurrera. Sailburuekin batzarra egin ostean, Urkulluk agerraldia egingo du kazetarien aurrean urte politiko berrirako helburuez hitz egiteko.
Hiru gai nagusi izango ditu Jaurlaritzak mahai gainean: jeltzaleek eta sozialistek Jaurlaritzarako duten itunaren jarraipen txostena, sail bakoitzak datozen hilabeteetarako dituen lehentasunak eta aurrekontuak.
Miramar jauregian egingo duten gobernu-bileran, berriz aztertuko dute falta diren 37 eskumenak eskatzeko txostena, baina Moncloan gaur egun Pedro Sanchez egoteak transferitu gabeko eskumenak lortzea erraz dezakeela uste dute. Irailean egingo dute bi gobernuek bilera. Gizarte Segurantza eta espetxe-politika dira Jaurlaritzak azpimarratu dituen bi eskumenak.
Ikusteko dago, bestalde, espetxe politikan Espainiako Gobernuak iragarritako aldaketek eta egindako lehen gerturatzeek jarraipenik izango ote duten urte politiko berrian.