Politika -

Balantzea

Katalunian ez duela auzibiderik abiatu nahi baieztatu du Sanchezek

Espainiako presidenteak agerraldia egin du Moncloan Ministroen Kontseiluaren ostean. Legedia eta Autonomia Estatutua bete daitezen defendatuko duela berretsi du.

Sanchez, agerraldian. Moncloak bidalitako seinaletik hartutako argazkia.
Pedro Sanchez, agerraldian. Argazkia: Moncloa
Espainiako Gobernu berriarekin 'aro berri bat' hasi dela esan du Sanchezek

1:53

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur ziurtatu duenez, Katalunian ez du "auzibide gehiago" abiatuko. Era berean, legedia eta Autonomia Estatutua betetzea defendatuko duela berretsi du.

PSOEk Mariano Rajoyren Gobernuari Kataluniako auzian erakutsitako leialtasuna izan dezaten eskatu dio Pablo Casado PPko liderrari Ministroen Kontseiluaren ostean Moncloan emandako prentsaurrekoan.

Ostegunean izandako bileran Casadok erakutsitako babesa eskertu dio PPko buruzagiari. Hala ere, koherentea izatea, ikuspegi zabala edukitzea eta "Estatu oposizioa" egitea eskatu dio.

Krisialdi politikoa izanik, politikatik konpondu behar dela uste du Sanchezek, baina "beti Konstituzioa eskuan" dutela hitz egingo dutela esan du.

Joan den astean bildutako Espainiako eta Kataluniako Aldebiko Batzordearen bilerari dagokionez, "abiapuntu ona" dela adierazi du.

Pedro Sanchezen hitzetan, Espainiako Gobernuak badaki Kataluniako arazoaren konponbideak herritarren bozketa dakarrela. Dena den, azaldu duenez, bozkatzen den akordioak Kataluniako gizartearen % 80a ordezkatu behar du, eta horretan ez dago ados independentistekin.

Gobernu berriak 'garai aldaketa' ekarri du, Sanchezen hitzetan

Espainiako Gobernuko presidenteak nabarmendu duenez, Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioa irabazteak eta sozialistak agintera heltzeak "garai aldaketa" ekarri du, eta orain "herritarrek euren gobernutzat dute honakoa".

Buruzagi sozialistaren ustez, Gobernuak "Espainia zintzo, aurrerakoi eta feminista" ordezkatzen du.

Sanchezek "aldaketaren agenda" zehaztu du, "Ongizate Estatuaren babesa, pentsioak eta hezkuntza" lehentasun bezala jarrita. Espainiako Gobernuko presidenteak esan du lozorrotik atera nahi duela Espainia, eta horretarako oinarrizko lau aldaketak bideratuko dituela: ekonomia, gizartea, lurralde eraldaketa eta nazioarteko dimentsioa.

Immigraziorako aginte bakarra eta autonomo faltsuak

Bi hilabeteko agintaldiaren balantzea egiteaz gain, Ministroen Kontseiluan jorratutako gaiei buruz hitz egin du. Onartutako neurrien artean dago immigrazioa kontrolatzeko aginte bakarra sortzea. Helburua da jatorrizko herrialdeetan etorkinen ontzien irteera saihesteko baldintzak hobetzea, eta ondorioz, "paterak oharkabean ez iristea".

Horrez gain, autonomo faltsuen iruzurrari aurre egiteko errege-dekretua onartuko dutela jakinarazi du. Sanchezen ustez, egoera legeztatuta, babes eta eskubide gehiago lortuko dituzte autonomoek. Asko dira gaur egun "egoera bereziki ahulean" dauden langileak (horietatik % 65 emakumezkoak dira).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Indarkeria matxista Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Feminismoa Pentsioak