Politika -

Autogobernua

EH Bilduk 'historikotzat' jo du estatutu berriari buruz EAJrekin lortutako akordioa

Arnaldo Otegik esan du estatus berrirako proposamena testu juridiko-politiko bat baino gehiago dela, "herritarren arazoei aurre egiteko erreminta soziala baita".

Arnaldo Otegi. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi. Argazkia: EFE
EH Bilduk dio akordio historikoa dela bi familia abertzaleen artekoa

0:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren esanetan, "historikoa" da koalizio soberanistak eta EAJk Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako estatutu politiko berri baterako lortu duten akordioa, "bi familia abertzale handien artekoa delako eta etorkizunean itun gehiago egiteko oinarriak finkatzen dituelako".

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Maddalen Iriarte Legebiltzarreko bozeramaileak agerraldian egin dute Barakaldoko BEC erakustazokan, soberanistek eta independentistek egindako akordioari buruzko xehetasunak emateko.

Otegiren hitzetan, estatus berrirako proposamena testu juridiko-politiko bat baino gehiago da: "Herritarren arazoei aurre egiteko erreminta soziala da eta horretarako herritarrei eskubide gehiago eta erabakiak hartzeko ahalmen handiago aitortzen die".

Bi taldeek adostutako proposamenak "eskubide nazionalak nahiz sozialak" biltzen dituela adierazi du eta "euskal autogobernuaren oinarrian eskubide sozial guztiak" izango direla erantsi du.

Otegik azpimarratu du itun honek etorkizunean akordio berriak egiteko aukera zabaldu duela, "betiere herritarren interesak alderdi politikoen interesen gainetik jarrita".

"Une historiko honek arduraz, seriotasunez eta egoerak eskatzen duen mailarekin jardutea eskatzen du, eta gu prest gaude aurrera egiteko akordioak bilatzeko eta herri gisa urratsak emateko", gaineratu du.

EH Bilduren eta EAJren arteko akordioa "historikoa" dela berretsita, Otegik gogora ekarri du "azken 40 urteotan herri honetako bi familia abertzale handiek" egiten duten lehen akordio handia dela.

Ildo horretan, Otegik nabarmendu du itunak Eusko Legebiltzarreko "gehiengo kualifikatuaren" babesa duela eta puntu batzuetan parlamentarien % 75aren babesa eskuratu duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu Albisteak