Politika -
ALTSASUKO AUZIA
Auzitegi Nazionalak 13tik 10 urtera jaitsi du Iñaki Abaden zigorra, akatsa zuzenduta
Zigor Aretoko Lehen Sekzioak onartu duenez akatsa egin zuen Iñaki Abaden zigorra kalkulatzerakoan. Ez da epaiak duen akats bakarra eta horiek zuzentzeko autoa kaleratu du Auzitegi Nazionalak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak 13tik 10 urtera jaitsi du Iñaki Abad Altsasuko gazteari ezarritako zigorra, kalkulua egiterakoan akatsa egin zuela onartu ostean. Zigor Arloko 1. Sekzioak bi eta 13 urte bitarteko zigorra ezarri zien Altsasuko auziko zortzi gazteei, 2015eko urriaren 15ean Nafarroako herrian gertatutako liskarrengatik.
EFE albiste agentziak zabaldutako Auzitegi Nazionalaren zuzenketa autoaren arabera, Iñaki Abadi hiru lesio leporatu zizkion eta horietako bakoitzarengatik bi urteko zigorra aurreikusi zuen. Aitzitik, autoaren arabera, batuketa egiterakoan delitu bakoitzagatik hiru urte kontatu zizkioten.
Hori dela eta, Auzitegi Nazionalak aintzatu hartu du Iñaki Abaden defentsak egindako eskaera. Horren arabera, eta behin akatsa zuzenduta, 10 urteko zigorra izango du: sei urte hiru lesio deliturengatik eta lau urte atentatu delituagatik.
Iñaki Abad izan zen, hain zuzen ere, Guardia Zibileko sarjentuaren testigantza gezurtatzen duen bideoa grabatu zuena. Iñaki Abad eta Altsasuko beste sei gazte behin-behinean espetxean daude harik eta Auzitegi Gorenak bere iritzia eman eta epaia irmoa izan arte. Gaur egun, Ainara Urkijo da Altsasuko auziko zortzi gazteetatik gaur egun libre dagoen bakarra —epaimahaiak bi urteko zigorra jarri zion—.
Epaiak akats gehiago ere baditu, nahiz eta beste akats horiek ez duten zigorretan eraginik. Zuzenketa autoan lau akats onartzen ditu epaimahaiak: Iñaki Abaden zigorrari buruzkoa eta beste hiru.
Hasteko, Fiskaltzaren zigor eskaeraren atalean fiskalak eskatutakoa baino lesio delitu bat gehiago jasotzen zuen epaiak.
Bada bigarren akats bat ere. Epaiak ez du jasotzen Guardia Zibiletako baten neska lagunak (Maria Jose) ez zuela Iñaki Abaden kontrako akusaziorik egin. Zuzenketa autoak akats hori ere zuzendu du.
Azkenik, akusatuetako baten abizena ere gaizki idatzita zegoen epaian.
Auzitegi Nazionalak ekainaren 1ean emandako epaian ez zuen terrorismo zantzurik ikusi epaitutako gertakarietan, baina 2 eta 13 arteko zigorrak ezarri zizkien zortzi auzipetuei. Joan den astean, ostera, fiskalak helegitea jarri zion Altsasuko auziko epaiari, terrorismoa izan zela iritzita.
Ekainaren 16an dozenaka milaka lagun bildu ziren Iruñean, Altsasuko auziaren epaia salatzeko eta zortzi gazteen askatasuna eskatzeko.