Politika -

Espainiako Gobernua

Sanchez, espetxe politika 'ezberdina' aplikatzearen alde, ETAren desegitearen ostean

Espainiako presidente izendatu ondoren egin dioten lehen elkarrizketan Sanchezek legealdia agortu nahi duela adierazi du; lehendabizi "egoera politikoa normalizatu" eta, ondoren, hauteskundeak.

Espetxe politika 'ezberdina' aplikatzearen alde agertu da Sanchez

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen iritzian, ETAk desegitea iragarri ondoren, "kartzela politika ezberdinari" aurre egiteko aukera "garbia" dago.

RTVEk bart egindako elkarrizketa batean, Sanchezek bereizi egin ditu Kataluniako politikari presoen eta ETAko presoen egoera. Katalanen inguruan esan du "zentzuzkoa" dela euren etxeen ondoko kartzeletara eramatea, instrukzio prozesua bukatutakoan.

"Ez dauka zerikusirik egoera batek bestearekin, garrantzitsua da bereizketa egitea egoerak erabat ezberdinak direlako", azpimarratu du. ETAko presoen inguruan "epai irmoak" daude, eta kasu horretan legedia "oso argia da", hau da, banan banako eskakizunei heldu beharko dizkiete, Sanchezen iritzian.

Alabaina, ondoren, mezu bat bidali du: "ETA erakunde terroristak desegitea iragarri ondoren, argi dago fenomenoari bestelako modu batean aurre egin behar diogula, bestelako espetxe-politika".

Gauzak horrela, ETAren "atzaparkada" pairatu duten alderdiei zuzendu zaie eta "desadostasunerako elementua ez izatea" eskatu die.

"Demokraziak ETA garaitu zuen eta, ondorioz, orduko adostasuna, ituna, mantendu beharko litzateke espetxe politikari nola heldu zehazten dugunean", erantsi du.

Autodeterminazioa

Euskadiko autodeterminazio eskubideaz ere galdetu diote ondoren Sanchezi eta, adierazi duenez, Espainiako Gobernuarentzat "elementu kezkagarria" da, bereziki euskal Estatutua XII. mendeko gizartearen arabera berriztatzeko aukera galtzea, identitateez soilik hitz eginda.

Testuinguru horretan, ziur agertu da Gernikako Estatutuak Europarekin bat egiteko beharra, eta gaur egun "subiranotasuna partekatuta dagoela" kontuan hartuko duela.

Gainera, erkidego baten nazio izaera "Konstituzio espainiarraren eta EBaren baitan" aitortu daitekeela uste du.

Legealdia agortu

Bestalde, Pedro Sanchezek iragarri duenez, bere nahia "legealdia agortu" eta hauteskunde orokorrak 2020ra arte ez deitzea da.

"Hauteskundeak 2020.ean deitzea da nire helburua, hau da, legealdia agortutakoan", esan du elkarrizketaren hasieran.

Presidente espainiarraren hitzetan, Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa irabazi eta gero, bere asmoa egoera politikoa "normalizatu" eta "ondoren hauteskundeak deitzea" da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Presoak ETA Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Espetxeen azken ordukoa