Politika -

ekainak 10, Igandea

Gure Esku Dago: 'Giza katea mugarria izango da erabakirako bidean'

GEDk esan duenez, ez du 'idatzitako etorkizuna' nahi, baizik eta etorkizuna 'idatzi' eta 'eraiki'. Igandean 'duintasunean, elkarbizitzan eta demokrazian oinarritutako' herria ikusiko da.

GED 2014an antolatutako giza katea. Artxiboko argazkia: EFE
GED asegura que la cadena humana será un hito hacia la decisión

1:22

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago (GED) erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak nabarmendu duenez, igandean EAEko hiru hiriburuak lotuko dituen giza katea "mugarria izango da erabakirako bidean" eta agerian utziko du "euskal gizartea erabaki nahi duen gizarte heldua dela

Dinamikak agerraldia egin du gaur Donostiako Alderdi Ederren, ekainaren 10ean ikusiko denaren erakusle. Donostian giza katea abiatuko duen lehen pertsonak, Paulo Muñoak (77 urte) eta Gasteizen katea itxiko duen azkenak, Aroa Arrizubieta (16 urte) agiria irakurri dute prentsaurrekoan. Euren hitzetan, igandekoak "herri oso bat mugimenduan" erakutsiko du.

Gure Esku Dagoren arabera, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza kateak "mugarria ezarriko du Euskal Herriko historian, datozenek harro gogoratuko dutena". 100.000 parte-hartzaile inguru espero du dinamikak.

Azpimarratu dutenez, "ez dugu nahi idatzitako datorkigun etorkizunik. Etorkizuna guk geuk idatzi nahi dugu, guk geuk eraiki nahi dugu, elkarrekin, eta igandean, hain zuzen, hori irudikatuko dugu".

 

 

Arrizubietaren hitzetan, "ordu erdi bakarrik izango da, baina gauza asko erakutsiko ditugu 30 minutu horietan. Herri oso bat mugimenduan, erabakitzeko eskubidearen aldeko milaka eta milaka herritarron borondatea, erabakitzeko arrazoiak eta etorkizuna elkarrekin eraiki nahi duten herritar ahaldunduak".

Esan duenez, "aro berri bat" abiatuko da igandeko giza katearekin, eta 2014an abiatutako ekimenarekin erakutsitako "konpromisoa" berretsiko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Donostia Gure Esku Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak