Politika -
ESKUMENAK
Bi tren linearen eskumena eskualdatzeko tramiteak hasi ditu Espainiako Gobernuak
Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren aldeko erantzuna jaso du aspaldi erreklamatu zituen bi tren linearen inguruan. Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbo-Basauri lineak dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak astearte honetan jakinarazi duenez, Renfeko bi tren linearen kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) eskualdatzearen aldeko erantzuna eman du Espainiako Gobernuak. Zehazki, Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbo-Basauri lineak dira. Auzitegi Konstituzionalak 2016an emandako ebazpenaren arabera, horien eskumena Euskadiri dagokio.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Erkorekak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak bi tren linea horiek Adifen katalogotik aterako ditu eta, gerora, egungo legedia aldatuko du, eskumena Euskadira eskualdatu bitartean linea horien kudeaketa bi Gobernuen artean egiteko.
Halaber, Espainiako Gobernuak Transferentzia Batzorde Mistoaren bilera egiteko konpromisoa hartu du "bi tren linea horiei lotutako zerbitzuak eta funtzioak Euskadira eskualdatzeko".
Erkorekaren esanetan, Espainiako Gobernuak maiatzaren 23an, 18:23an, bidali zion jakinarazpena Eusko Jaurlaritzari, EAJren babesari esker Diputatuen Kongresuak 2018ko Estatuko Aurrekontuak onartu zituen egun berean.
Eusko Jaurlaritzak hamaika tren linearen kudeaketa erreklamatzen dio Espainiako Gobernuari, Gernikako estatutuan jasotakoaren arabera. Gainerako bederatzi tren lineak hauek dira: 100 Irun-Brinkola, 700 Bilbo/Urduña, 720 Bilbo/Abando-Santurtzi, 722 Desertu/Barakaldo-Muskiz, 780 Bilbo/La Concordia-Irauregi, 790 Bilbo-Balmaseda eta merkantzien garraioari lotutako 724 Bilbo-Santurtzi, 201 Pasaiako Portua eta 481 Bilboko Portua.